Jarduerarik azpimarragarriena larunbateko enkantea da, gaueko 21:00etan.
Enkante hori baselizan ospatzen da eta Baranbioko jendeak eramandako produktuei esker egiten da.
Eskaintzen diren otar gehienak txerrikiz osaturikoak dira, baina aipatu beharra dago azken urteotan kapoiak eta oilarrak ere jartzen direla eta produktu-sorta horiek arrakasta handia edukitzen ari direla.
Pospoloa
Enkantea egiteko erabiltzen den modua berezia da, pospoloaren bitartez egiten baita. Enkantea zuzendari batek eramaten du aurrera eta bera da apaizarekin batera produktuei prezioa jartzen diona. Jarraian, otarrak zeintzuk diren ezagutzera ematen dira eta mahai txiki baten gainean jartzen dira jendeak ikusi ditzan.
Denbora galdu gabe pospoloa piztu eta enkantea abiatzen da. Jendea eskaintzak egiten hasten da eta pospoloa amatatu ahala beste bat pizten da. Azkenengo eskaintza egin eta berririk gabe 3 pospolo erretzen badira, hau izango da otarra lortuko duena.
Halaber, enkantean denek lortzen dute saria, diru-eskaintzaren truke edalontzi bat ardo bat ematen baita.
XVIII. mendeko ohitura
Produktu horiekin guztiekin lortzen den dirua Baranbiogoiko San Anton baselizaren mantentze lanetara bideratuko da.
Antzina, herrietako baselizak jendearen dohainen, limosnen, eta abarren bitartez mantentzen ziren.
Hainbat agiritan agertzen den bezala, 1738. urtetik aurrera hasi ziren Baranbiogoi auzoan helburu horretarako dirua lortzen San Anton egunean. Ohiturak gaur egun arte iraun du.
Jaia larunbatean, urtarrilaren 14an, arratsaldeko 18.00etatik aurrera hasiko da bertan urtero bezala igel-toka lehiaketarekin. Arratsaldeko 20.00etan afari herrikoia egongo da eta hori bukatu bezain laster enkanteari hasiera emango zaio.
Dantzatzeko aukera ere egongo da, goizeko 4ak arte musika nagusi izango baita erromeriari esker.
Egitaraua
Larunbata, Urtarrilak 14
18:00 igel-toka lehiaketa txikienentzat
19:00 igel-toka lehiaketa nagusia
20:00 herri-afaria
21:00 enkantea
23:00 erromeria
04:00 txintxortada
Asteartea, Urtarrilak 17
12:00 meza San Anton baselizan