Epaitegi Gorenak Angela Murilloren epaia zuzendu du eta, ondorioz, Amurrioko bi gazte absolbitu ditu terrorismoa goratzeagatik.
Eskualdeko bi gazteak erruduntzat jo zituen epaileak terrorismoa goratzeagatik 2014ko pintaketa batzuen harira. Hori dela medio, urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zien.
Hala ere, gazteen abokatua den Leo Barañanok azaldu du Angela Murillok oso epai kaskarra egin zuela. Izan ere, idazketan adituen txostena soilik zeukaten gazteen aurka, hau da, ez zegoen ez froga gehiagorik, ez lekukorik. Gauzak horrela, Gorenak adierazi du hori ez dela nahikoa amurrioarrak zigortzeko.
Abokatuak argitu du ez dela arrunta Epaitegi Gorenak zuzentzea Entzutegi Nazionalaren erabakiak. Dena den, Angela Murilloren epaiak oinarririk ez zuenez, gazteak absolbitu dituzte.