Aiaraldeko musikagintzaren erreferentzia bihurtu da Burubio urtebetean

Txabi Alvarado Bañares 2017ko ots. 5a, 20:00

Edozein proposamenera irekiak daude Burubioko kideak. Argazkia: Burubio Kultur Elkartea

Urtebete igaro da Amurrioko musika talde batzuen artean pabilioi bat alokatu eta Burubio Kultur Elkartea sortu zutenetik. Hamabi hilabete baino gutxiago behar izan dituzte eskualdeko musikagintzaren erreferente  bihurtzeko, bertan atondu dituzten areto, entsegu lokal eta grabaketa estudioari esker.

Haurdunaldi luzea izan duen proiektua da Burubiorena. Duela sei urte hasi ziren Amurrioko zenbait musika talde entseatzeko espazio baten bila. Ordura arte Goia etxea erabili zuten lokal gisa, baina Amurrioko Udalak baserri horren zati bat (“La Kuadra” gisa ezagutzen zena) desalojatzeko agindua eman zuenean, Burubio mendiaren magalean dagoen industriaguneko pabilioi batera joan ziren musikariak.

Hor egon ziren zenbait urte, talde bakoitza bere gelan, sorkuntzan murgilduta. 2015an, baina, saltoa emateko erabakia hartu zuten. Entseatzeko lokalak soilik hartzetik pabilioi osoa alokatzera igaro ziren. Burubio Kultur Elkartea jaio zen orduan.

Hamabi talde zortzi gelatan
Urtebete eskaseko ibilbidea baino ez du proiektuak, baina lortu du  erreferentziazko gune bat bilakatzea eskualdeko musikari eta zaleentzat. Urtebetean bikoiztu egin da entsegu lokaletan dabiltzan taldeen kopurua. Hamahiru daude gaur egun, Amurriokoak gehienak: Nakkiga, Lupulo, Monkey Painters, Fabrica de idiotas, Aiaraldeko Soinu Sistema, Perdido entre ilusiones, Izate Faltsua, Patx&Run, Astarte, Ikäara, Atxurre, Lyrikan, Agian eta Five Corners. Modu horretan, Burubiokoek lortu dute pabilioiak dituen zortzi entsegu-gelak betetzea.

Baina eraikina ez dute gela horiek soilik osatzen. Baditu baita bestelako azpiegitura batzuk ere. Kontzertu-aretoa da horietako bat. Bertako taldeen emanaldiak antolatzera mugatu ziren hasieran, baina eskaintza zabaltzen joan dira apurka-apurka, gaur egungo egoerara iritsi arte. Eskualdeko musikarien eta  Euskal Herriko sona handiko taldeen kontzertuak uztartu dituzte. Iragan astean Xabi Basterra, Olatz Salvador eta Anari igo ziren oholtzara, eta bihar (otsailak 10) Zea Maysen txanda izango da.

Agortuak daude jada kontzertu horretarako sarrerak, kontzertuek izan duten harrera onaren seinale. “Amurrion eta Aiaraldean ez dago horrelako eskaintza duen beste tokirik”, azaldu du elkarteko kidea den Egoitz Palacios Izaolak, “hasieran herrikoak zetozen soilik, baina orain eskualdetik kanpoko jendea ere gerturatzen da”.

Iragarri dituzte jada hemendik apirilera bitartean eskainiko dituzten kontzertuak. “Talde askok bidaltzen dizkigute Burubion jotzeko eskaerak, eta zaila da denak kudeatzea”. Hala ere, jarraituko dute mota horretako ekimenak antolatzen. “Hasieran ez genuen pentsatzen aretoari horrenbesteko erabilgarritasuna emango genionik”, aitortu du Palacios Izaolak.

Proiektu asko garatzeko aukera ematen du pabilioiak. Bideoklip bat eta bi spot grabatu dira bertan, eta Luis Vilen “Escisión” filma ere proiektatu dute. “Edozein proposamenetara” irekiak daude Burubiokoak.

Disko grabaketak
Grabaketa estudioa da pabilioian topatu daitekeen beste txokoetako bat. Eskualdeko hainbat talde aritu dira bertan abestiak eta diskoak prestatzen: Uluka, Patx&Run, Astarte... Disko bat plazaratuko dute apirilean, Burubion entseatzen duten talde guztien abestiez osatua.  “Oraindik ez diogu estudioari duen potentzialtasun osoa atera”, adierazi du Palacios Izaolak. Hori izango da, hain zuzen, etorkizun hurbil bati begira izango duten helburua: “pabilioiko txoko horri bultzadatxo txiki bat ematea”.

Egonkortasuna helburu
Baina aurrera begira Burubioko kideek helburu handi bat badute, egonkortasuna lortzea da hori. Palacios Izaolak azaldu duenez, ez zaie doan ateratzen eskaintza kultural hori guzti hori prestatzea. “Gure poltsikotik dirua jarri behar izaten dugu proiektua aurrera ateratzeko, eta hori epe luzera ez da sostengarria”. Hori dela eta, Burubioko kideak jakinarazi du bazkidetza kanpaina bat abiatzekotan dabiltzala. “Nola egin pentsatu behar dugu oraindik”. Hori da duten xede nagusia hasi berri den urte honetarako, kapitalak kulturaren gainetik agindu ez dezan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide