“AmurriokoEkin” ekimenaren bidez jasotako proposamenak aurkeztu ditu Amurrioko Udalak gaur goizean. Aurrekontu parte hartzaileak garatzeko prozesu bat da “AmurrioEkin”. Prozesu horren bidez herritarrek erabaki ahal izango dute zer egin udal-aurrekontuaren zati batekin (200.000 euro aurten eta beste horrenbeste 2018an).
Urtarrilaren 15ean amaitu zen prozesuaren lehen fasea, proposamenak aurkeztekoa. 16 urte edo gehiago dituzten eta herrian erroldatuta dauden Amurrioar guztiek parte hartu ahal izan zuten bertan. 379 ideia jaso ditu udalak fase horretan. Gehienak (54) hirigintza alorrari begirako proposamenak dira, baina badaude baita lanen eta zerbitzuen (30) edota kirolen sailei begirako proposamenak ere.
Hemen kontsultatu daitezke jasotako proposamen guztiak.
Prozesuaren dinamizatzaileek azaldu dute 17 proposamen geratu direla kanpoan, horietako lau Amurrion erroldatuak ez dauden pertsonek egin dituztelako, beste bi 16 urte baino gutxiagoko pertsonek egin dituztelako eta beste hamaika parte hartzeko baldintzak egiaztatzeko daturik eman ez dutelako. Modu horretan, 362 proposamen geratu dira.
Proposamenen bozketa
362 proposamen horietatik 245 errepikatu egiten dira, dinamizatzaileen arabera. Hori dela eta, 47 proposamenetan bateratu dituzte. Modu horretan 164 igaroko dira guztira prozesuaren hirugarren fasera.
Hirugarren fasearen xedea da 164 proposamen horietatik 20 hautatzea. Bi irizpide erabiliko dituzte horretarako. Lehena, oreka egotea proposamena aurrera ateratzeak dakarren diru inbertsioaren eta trukean emango duen onuraren artean. Bigarrena, proposamena mesedegarria izatea ahalik eta amurrioar gehienentzako. Dinamizatzaileek azpimarratu dute ez dela udala izango proposamenak irizpide horien bidez sailkatuko dituena. 17 herritarrez osatutako lan-talde bat dago, prozesu osoa aurrera eramatez arduratzen ari dena. Honako kide hauek osatzen dute talde hori: parte-hartze teknikariak, bi udal teknikarik, lau elkarteren ordezkariek, zazpi auzoetako ordezkariek eta beste zazpi norbanakok.
Amaitzeko, bozketa egingo dute hogei proposamen horien artetik zeintzuk egin erabakitzeko. 16 urtetik gorako herritar guztiek eman ahalko dute botoa. Udaletik jakinarazi dute ez dakitela oraindik bozketa hori zehatz-mehatz noiz eta nola egingo den, baina maiatza-ekaina aldera egitea aurreikusi dute.