Goizeko lehen ordutik ehundik gora pertsona elkartu ditu Amurrion "AlFREEdo" elkartasun egunak. 12:00etan elkartu dira Juan Urrutia plazan, eta Guk eskulturaren inguruan atera dute "elkartasun argazkia". Trikipoteoaren ondotik, Matias Landaburun bazkaldu dute 300 lagunek. Arratsaldean, aldiz, mobilizazioa egin dute herriko kaleetatik.
Babes handia
Senide eta lagunek antolatutako ekimenak babes ugari jaso du. Horren adierazle dira musika taldeek sareratutako babes mezuak, alfreedo.info webguneko atxikimendu kanpaina, edo gauean Amurrioko gaztetxean egingo diren kontzertuetan oholtzaratuko diren artistak. Luis Vil, La Basu, Suaia, Izate Faltsua edota Xabi Solano igoko dira oholtzara, besteak beste. Antolatzaileek positiboki baloratu dute egunak izan duen harrera.
Egunaren jarraipena sare sozialetan egiten ari da @erreharrialibre ekimena. Otsailaren 27an epaituko dute Alfredo Remirez amurrioarra Madrilgo Entzutegi Nazionalean. Twitter sare sozialean terrorismoa goratzea leporatuta 2 urteko kartzela zigorra, 5 urteko zaintzapeko askatasuna eta 16 urteko inabilitazioa ezarri nahi diote.
Goizeko argazki masiboaren bideoa: