Agate Deunaren Bezperan Aiaratik egon zineten abesten. Zer moduz joan zen kalejira?
Primerako eguna izan zen, nire taldekideekin oso ondo pasatu nuen. Egin behar izan genuen bidea luzea izan zen baina nahiz eta igandean gorputz osoan mina izan merezi izan zuen.
Gehien gustatu zitzaidana izan zen jendearen aurpegia ikustea abesten genuen bakoitzean. Benetan egun ikaragarria!
Ostiralerako hainbat ekintza prestatu dituzue. Zer antolatu duzue?
Goizean Amurrioko dendak, eskolak eta institutua bisitatuko ditugu, Aiaraldeko zenbait fabriketara joan eta gero. Eguerdian kinto guztiak Murgako Ibarrondo jatetxera joango gara jatera.
Arratsaldean, Builaka batukada hasiko da 19:30etan. 23:30etan Akerbeltz taldea izango duzue prest gaueko motibazioa pizteko! Eta azkenik, parranderoentzako, DJ Ruba 2:30etatik aurrera.
Nola antolatu zarete kintoen artean gauza guztiak aurrera ateratzeko?
Egin beharreko guztia taldeka antolatu genuen denon artean. Adibidez, talde batek 17an izango dugun bazkarirako lekua erreserbatu zuten, beste batzuek musika taldearekin hitz egin zuten, batukada lotu zuten beste batzuek... Nik, esate baterako, Ibarrondo jatetxeraino joateko eta etortzeko erabiliko ditugun autobusen kontratazioaz arduratu naiz.
Zerbitzu militarra egitera zihoazen pertsonen agur bat ziren bere garaian kintoak. Gaur egun zer esanahi dute zuentzat?
Gure ikuspuntutik, “kinto” izatea tradizio batekin jarraitzea eta, era berean, heldutasunaren sentsazioa izatea da. Egun oso garrantzitsua da guretzat.