Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Poesia eta margolanak uztartu ditut erakusketan”

Txabi Alvarado Bañares 2017ko ots. 24a, 07:00

4-5 koadro marrazten ditu Pepe Gartziak aldi berean. Argazkia: Hauxe Da

PEPE GARTZIA  (Amurrio, 1953) arotza izan da ofizioz, baina margolaritza eta poesia ditu afizio. Bere lanak ikusgai daude Amurrioko La Casonan, igandera arte.

Hau da zure lehen erakusketa?
Bilboko K2 tabernan egon ziren iaz nire koadro batzuk, hilabete batez. Eskuorri bat ere plazaratu nuen bertan, hainbat olerkirekin.

Baina hori kenduta ez dut erakusketa askorik egin. 1985 urtean poesia liburu bat argitaratu nuen, nik egindako hainbat marrazkirekin. Baina margolari gisa azken bost urteetan aritu naiz bereziki, jubilatu ostean, denbora libre gehiago izan dudalako. Modu erabat autodidatan ikasi dut. Arotza izan naiz ogibide, eta pentsionista naiz orain. Beti saiatzen naiz poesia eta margolanak uztartzen.

“Margolari gisa azken bost urteetan aritu naiz bereziki”



La Casonako erakusketan ere bi diziplina horiek uztartu dituzu?
Bai. Margolanen alboan hainbat poesia jarri ditut, koadroan irudikatuta dagoena hobeto ulertu dadin.

35 margolan daude guztira, hainbat formatu eta tamainetakoak. Pintura akrilikoa erabiltzen dut, eta egur xaflen gainean marrazten dut. Egurrari eman ahal zaion erliebearekin jokatu dezaket horrela.

Pintura abstraktua egiten dut gehienbat. Hala ere, ikuslearen arreta berenganatzen saiatzen naiz, bere barrenean zer edo zer eraginez.



Errefuxiatuei buruzkoa da erakusketaren zati bat.
Poesia luze bat atondu dut, hainbat koadro txikiz lagunduta. Omenaldi bat da, ihesean daudela Europako harresi eta alanbradekin topo egiten duten horiei eginikoa. Nire ikuspuntua plazaratu nahi izan dut, emozioak transmititzea helburutzat hartuz.

Zergatik itxaron duzu orain arte esposizioa egiteko?
Erakusketa egiteko motibazio nagusiena izan da lagun eta senide askok esan didatela koadroak jendaurrean aurkeztu beharko nituzkeela. Hori egin dut azkenean. Jendearen harrera ona izan da momentuz eta pozik nago.


“Barruan ditugun kezka eta arazoak kanporatzeko balio du margolaritzak”



Zer da margolaritzatik gehien erakartzen zaituena?
Margolaritzak badu funtzio askatzaile bat, beste afizio batzuk bezala. Positibotasun apur bat eman behar diogu bizitzari. Barruan ditugun kezka eta arazoak kanporatzeko balio du margolaritzak.

Pintura abstraktua egiten duzula diozu. Baina zure koadroek oso estilo identifikagarria dute. Nola garatu duzu estilo hori?
Jakin-nahi ase-ezina dut nik. Arte munduarekin zerikusia duen gauza oro ari naiz irakurtzen eta ikusten. Ez naiz gelditzen. Zoriontsu nago une honetan, eta hori transmititu nahi izan dut nire lanetan.

Idazteari edo margotzeari, zeri heltzen diozu lehenbizi lanaren sorrera prozesuan?
Zirriborro ugari egiten ditut, eta koadroa marrazten dut gero. Beste batzuetan, aldiz, ohol zuriaren aurrean jarri eta marrazteari ekiten diot, unean uneko inspirazioari jarraituaz.

“Erakusketan nire koadroen erdia baino gutxiago dago ikusgai; 4-5 koadro marrazten ditut aldi berean”

Baina baditut influentzia artistiko ugari: Kandinsky, Picasso, Miró... Ez zait gustatzen jendearengan eragingo ez duen zerbait marraztea. Marraztu nezakeen karratu gorri bat, marra hori batekin eta fondo lila batekin. Baliteke nik gustuko izatea, baina  ez du ezer transmitituko. Ikuslea asetzea da artearen helburua, zerbait komunikatzea.

Igandean amaitzen da erakusketa. Baduzu gehiago egiteko asmoa?
Oraindik goiz da esateko. Erakusketan nire koadroen erdia baino gutxiago dago ikusgai. 4-5 koadro marrazten ditut aldi berean. Oso ondo pasatzen dut margotzen, eta hori da garrantzitsuena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide