Alfredo Remirez Marañon (Peloto ezizenez ezaguna) Aiaraldea Komunikazio Leihoaren sorreratik izan da proiektu honen parte. Kamera eskuan, askotan aritu da argazkilari edo bideogintzako kameralari gisa. Erredakzioan, txosnetan... beti egon da behar zen horretan laguntzeko prest. Eskualdetik kanpo ibili denean ere, ez dio Aiaraldeari erreparatzeari utzi. Asko dira Aiaraldea Komunikazio Leihora berarengandik iritsitako txioak, argazkiak edo zorion zein babes mezuak.
Otsailaren 27an, ordea, Twitter sare sozialean iritzi mezuak plazaratzeagatik epaitu egingo dute. Adierazpen askatasuna eskubide den garaiotan bi urteko kartzela zigorra, 5 urteko zaintzapeko askatasuna eta 16 urteko inhabilitazioa ezarri nahi diote txio batzuengatik. Lerro hauen bidez, Aiaraldeako langile eta Zuzendaritza mahaiaren izenean elkartasuna adierazi nahi diogu Alfredori, proiektu hau jaio zenetik jasotako maitasun eta babes guztiarekin batera. Horregatik, guk bezala, www.alfreedo.info webgunean atxikimendua ematera animatzen zaituztegu. Aiaraldean ere txiolariak libre nahi ditugulako, #ErreharriaLIBRE !