2016an izan dituen emaitzak aurkeztu berri ditu Tubos Reunidoseko zuzendaritzak. 50,2 milioi euroko emaitza neto negatiboak izan ditu enpresak. Zuzendaritzatik adierazi dute “petrolioaren krisia” dela eta izan dituztela galera horiek. “Sektoreak jasandako krisirik okerrenetariko bat izan da, petrolioaren prezioen beherakadak eragindakoa”, azaldu dute. Prezioak jaisteak eragin du petrolioren industriara bideratutako hodien eskaera txikitzea, enpresatik azaldu dutenez.
Hala ere, kontuan izan behar da Tubos Reunidosek inbertsio garrantzitsuak egin zituela iaz. Abuztuan Rotary Drilling Tools enpresa Estatu Batuarra erosi zuen Tubos Reunidosek, 19,6 milioiren truke. Hortaz gain, enpresak filial bat ireki zuen iragan maiatzean Subillabiden (Gasteiz) Marubeni-Itochu Tubulars Europe Plc enpresarekin elkarlanean.
Milioi bat euro 13 kontseilariren artean
Galerek eragina izan dute administrazio kontseiluko kideek jasotako diru-sarreretan. 2015ean 1,24 milioi euro banatu zituzten kontseiluko 13 kideen artean. 2016an, aldiz, 1,07 milioi euro banatu zituzten.
Taula honetan ikusi daiteke kontseilari bakoitzak zenbat euro irabazi zituen urte bakoitzean:
“Hobekuntza nabarmena” espero dute
2017a urte hobeagoa izango dela uste du Tubos Reunidoseko zuzendaritzak. Enpresak % 69 handitu du bere eskabide zorroa. Hau da, nabarmen handitu da eskera. Hori dela eta, 2017ko lehen hiruhileko emaitzetan iazko joera “nabarmen hobetuko dela” uste du enpresak.