Saratxo Bizirik 2.0 plataformak eta Saratxoko Administrazio Batzarrak salatu dute Arabako Foru Aldundiak A-625 aldatzeko proiektuarekin jarraitzeko asmoa duela, ezer aldatu gabe.
Plataformak gogoratu duenez, oraindik ez da gauzatu azpiegitura berriaren inguruko eztabaidarik gastu ekonomikoei, ingurumenari eta herriari dagokienez.
Saratxo baztertuta
Saratxoarrek nabarmendu dute hauteskundeak baino lehen erakundeen esku utzi zutela errepidearen afera. Orain etsituta sentitzen dira, izan ere, Arabako Foru Aldundiak Amurrioko eta Urduñako Udalei komunikatu dizkie bere asmoak, baina Saratxoko ordezkariekin ez dira harremanetan jarri.
Eztabaida
Gauzak horrela, Saratxoko plataformak eta ordezkariek errepideari buruzko adostasuna lortzeko eztabaidaren beharra azaleratu dute, eta nabarmendu dute saratxoarrek ere parte hartu behar dutela horretan.