Barne protokoloa onartu du Amurrioko Udalak, “sexu jazarpenaren eta laneko sexuagatiko jazarpenaren aurka”.
Bi tresna baliatuko ditu protokoloak. Prebentzioa izango da horietako bat. “Sentsibilizatu, informatu eta prebenitzeko neurriak jarri eta ohiko jokabide-kodeak ezarriko dira”, azaldu dute udaletik. Beste aldetik, “jokatzeko prozedura adostuak” ezarriko dira.
Falta “astunak” eta “oso astunak”
Barne protokolo horrek faltak tipifikatu egiten ditu: “astunak” eta “oso astunak”. Modu horretan, udalaren helburua da “errazago eta azkarrago” detektatzea sexu-jazarpena eta laneko sexuagatiko jazarpena izan daitezkeen jokabideak. “Berme prozedura” bat ere zehazten du protokoloak, “edozein langilek (emakume nahiz gizon) gai horiei buruzko idatzizko edo ahozko kexa egin dezan”.
Berdintasun Sailaren bitartez jarriko da martxan protokoloa, udalean ordezkariak dituzten sindikatuen laguntzarekin. Langile guztiek ezagutuko dute dokumentuaren edukia, udal barruan azalduko baita.