Aiaraldeko hainbat boluntario joango zarete Saharako errefuxiatuen kanpamenduetara. Zein da zuen asmoa?
Gure hasierako eta oinarrizko asmoa ahal dugun heinean laguntzea da. Alde batetik, ikusgarriak diren aspektu fisikoetan: mantentze eta berrikuntza lanak, eskola materiala, janariak eta botiken banaketa… Beste alde batetik, pertsona guztiontzat premiazkoak diren behar horien asebetetzen: konpainia egiten, babesa eskaintzen, pertsona berriak ezagutzen…
35 urte baino gehiago daramatzate errefuxiatuen kanpamentu horietan isolaturik Marokorekin duten gatazka politikoaren ondorioz. Guretzat arraroa badirudi ere, kontaktu berriak izateak indar handia ematen die borrokan jarraitzeko.
"35 urte baino gehiago daramatzate errefuxiatuen kanpamenduetan isolaturik Marokorekin duten gatazka politikoaren ondorioz"
Nola osatu duzue brigada?
Sahara Eutsi erakundearekin dudan harremanari esker izan nuen bidaiaren berri; eta ez genuen zalantzarik izan!
Jende nahiko dago interesatuta bidaia hauetan, eta horregatik da garrantzitsua denborarekin antolatzea.
Gure kasuan, Euskal Herriko hainbat pertsonarekin goaz, eta bertan banatuko gaituzte hainbat kanpamentuetan.
Zure kasuan, lotura berezia duzu Sahararekin...
Duela 12 urte hartu genuen erabakia: Saharar ume bati hemengo bizitza ezagutzeko aukera ematea. Ez dakit hitzekin zelan azaldu daitezkeen bizitzen diren emozioak.
Ikaragarria eta gogorra da momenturen batean, baina orokorrean esperientzia oso polita da. Asko ikasi dut berarekin, gutariko beste bat da. Etxean, lehenengo minututik izan ginen ama, aita, anaia eta arreba berarentzat eta izugarria da hartzen zaion maitasuna.
Gauetik goizera bost pertsona geunden etxe berean bizitzen. Ez dizkigu inork kenduko esperientzia horren momentuak…
Zer nolako egoera bizi dute?
Han bizi den gatazka politikoaren ondorioz, urte asko daramatzate haien herrialdetik urrun. Ez da batere erraza kanpamentuak zelakoak diren azaltzea.
Orain dela 10 urte ez naizela Saharako errefuxiatuen kanpamentuetara joaten; baina espero dut haien egoera apur bat bada ere hobetzea. Nazioarteko laguntzaz besterik ez dira bizi, han ezin daitekeelako beste askorik egin. Harritu ninduen gauzarik handiena haien “zoriontasuna” izan zen, umeen irribarreak, zein gutxirekin bizi diren alai.
"Ez da batere erraza kanpamentuak zelakoak diren azaltzea"
Zer eramango duzue?
Kontu korrontea ireki genuen Laboral Kutxan dirua jasotzeko (3035 0045 260450079247). Premiazko gauzak erosi eta Saharara eramango ditugu: medikamentuak, konpresak, eskola materiala, pixohialak… Dohaintzak badauzkagu, baina gehiago jasoko ditugulakoan gaude. Ziur nago beti gogoratuko dugun esperientzia ekarriko dugula bueltan.
Eta ekarri?
Ekarri ezer gutxi. Esperientzia handia biziko dugulakoan gaude eta gure begiekin mundu honen beste alde krudel bat ezagutzera goaz. Badakigu ez dugula gatazka konponduko, baina gure ur tanta uztearekin konformatuko gara.