"Lagunei esan nien Euskadiko Judo Txapelduna naizela eta ikaratu ziren"

Erredakzioa 2017ko mai. 3a, 13:42

Edorta eta Ane Miren./ aiaraldea.eus

ANE MIREN ARREGI (Amurrio, 2003) eta EDORTA GAYDOU (Amurrio, 2003) gazteek Euskadiko Judo txapelketa irabazi zuten eta asteburuan Valentzian arituko dira Espainiako Txapelketan. Espero ez bazuten ere, orain prest daude lehiatzeko eta ahalik eta emaitza onenak eskuratzeko.

Espero zenuten Euskadiko Txapelketa irabaztea?

Edorta: Ez, eta oso pozik bukatu nuen, ez bainuen bat ere espero garaipena lortzea.

Ane Miren: Ez, finalean nengoela harrituta geratu nintzen.

Ezagutzen zenituzten zuen arerioak?

A M: Nik bai, paperean jasota zeuden euren izenak eta batzuk Durangon ezagutu nituen lehiatzen.

E: Nik ez. Ez nekizkien ezta izenak.

Lehenengo aldiz parte hartu duzue Euskadiko Txapelketan?

A M: Ez, iaz parte hartu nuen, baina ez nuen irabazi.

E: Bai, baina oso lasai nengoen.

Nola hasi zineten judo egiten?

E: Kiroldegitik igaro nintzen nire lehengusinekin eta klaseak ikusi nituen. Gogoko izan nuen. Ni 4 urterekin hasi nintzen, baina 7 urterekin utzi nuen, futbolean eta esku pilotan jokatzen bainuen.  4 urtez utzi nuen eta ikasturte honetan itzuli naiz. Denbora gutxian lortu dut asko aurreratzea.

A M: Txikitan nire lagunek jolasten zuten borroketara eta nik ere egin nahi nuen, baina ez nekien. Orduan, esan nion amari eta berak ikusi zuen judo kluba zegoela eta izena eman nuen.
Nik 10 urte daramatzat judoan. 4 urterekin hasi nintzen eta beti jarraitu dut.

Zer da gehien gogoko duzuena?

E: Entrenamenduak oso dibertigarriak dira eta entrenatzailea oso atsegina da. Gainera, txapelketetan asko disfrutatzen dugu.

A M: Nik aspaldi egiten dut eta oso gogoko dut. Bestalde, pena ematen dit uzteak. Hemen entrenatzen ahalegin handia egiten dugu eta irabazteak ilusio handia ematen du, lan egin dugulako. Aldiz, irabazten ez baduzu, berdin dio, ondo pasatzen baitugu.

Zertan datza judoa?

E: Borroketan, bestea harrapatzean eta "tomak" egitean, lurrera botatzeko modu azkarrez eta gogorrez.

A M: Nik gomendatzen diot jende orori, lagun asko egiten baitugu. Kirola gogoko duen edonork gustura egingo du. Txapelketetan ere giroa oso atsegina da.

E: Entrenamenduetan lantzen ditugu "toma" berriak azkartasuna handitzeko.

A M: Indarra ere lantzen dugu.

Txapelketa irabazteko "toma" kutunena erabili zenuten?

A M: Nire kasuan besoz lepoa hartzen diot aurkariari eta gero lurrera botatzen dut inoiz ez askatzeko.
Txapelketan borroka guztietan erabili nuen eta lehenengo aldian gauzatu nuen, baina iaz hainbat "toma" egin behar izan nuen. Ez nuen irabazi, baina esan bezala, asko disfrutatu nuen.

E: Nik erabiltzen dudanarekin aldaka baliatzen dut eta bizkarretik heltzen diot arerioari, aldaka sabelaren aurka sartzen diot eta bultzatzen dut lurrera botatzeko. Borroka guztietan erabili nuen, baina batzuetan hanka ere erabili behar izan nuen, arerioek leku txarrak uzten zizkidaten erasoa egiteko eta.
Borrokek irauten dute 3 minutu. Azkarrago buka daitezke "ipon" lortuz gero, 100 puntu balio baitu.

A M: "Yuko" edo "Waz Ari" egiten badituzu borrokak jarraitzen du. Puntu bakarra balio baitute. Hori bai, "Waz Ari" baten bitartez lehiakidea lurrean menderatu dezakezu eta "Ipon" lortu.

Zein da judoaren filosofia?

A M: Judoa oinarritzen da errespetuan.

E: Adibidez, borroka batean bakarrik bazaude defentsan aritzea soilik onartzen da. Ezin zara kaletik joan borroka bila.

A M: Judoa defentsarako borroka artea da.

Amurrioko klubean adin ugariko judokak zaudete, nolakoa da zuen harremana?

A M: Guztiekin ondo moldatzen gara. Hala ere, onena da helduen taldearekin borrokatzea, asko ikasten duzulako.

E: Bai, eta ahalegin handiagoa egin behar duzu.

Noiz izango da Espainiako Txapelketa?

A M: Maiatzaren 5ean, 6an eta 7an Valentzian, ez dakigu zer gertatuko den. Batzuk ezagutzen ditut, baina Espainia osoko kirolariak egongo dira eta ez dakit eurekin borrokatzea egokituko zaidan.

E: Kanporaketak egongo dira eta bigarren aukera ere.

A M: Euskadiko Txapeldunekin joango gara autobusez. Batzuk ezagutu nituen txapelketan eta oso jatorrak ziren.

E: Nik ez dut inor ezagutzen (barreak).

Jendeari esaten diozunean judokak zaretela, zein da euren erantzuna?

A M: Ona.

E: Bai, ona, baina, adibidez, ikastetxera heldu nintzen eta esan nien lagunei Euskadiko Txapelduna nintzela eta ikaratu ziren (barreak). Zoriondu ninduten eta lagun bat orain etortzen da judo egitera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide