EAEko 60 hezkuntza zentrotan egingo du Eusko Jaurlaritzak DBH 4. mailako ikasleei zuzendutako “kanpo ebaluazio diagnostikoa”. Hala adierazi du Hezkuntza Sailburuordea den Maite Alonso Aranak ikastetxe horiei bidalitako gutun batean (hemen doa atxikituta gutun osoa). Zaraobe Institutua da proba hori egiteko deia jaso duen zentroetako bat. Antzeko proba bat egingo dute baita Lehen Hezkuntzako 6. mailan, 30 zentrotan.
Ikasleek “oinarrizko konpetentziak” zer neurritan haienganatu dituzten jakitea izango da azterketa horien helburua, gutunean adierazten denez. “Faktore indibidualak eta testuinguruari lotutakoak (sozioekonomikoak, kulturalak eta hizkuntzari lotutakoak)” hartuko dira aintzat horretarako.
Planto egiteko deia
Hezkuntza Sailburuordeak azpimarratu du proba horiek ez direla errebalidak izango. “Diagnostikoa” egiteko baino ez dute balioko eta ez dira erabiliko “ikastetxeen arteko rankingak” egiteko.
“Ikaskuntza-prozesuaren berri jasotzea da ebaluazio horien helburua, hobetzen laguntzeko”. Modu horretan, “ebaluazio-eredu propio bat baliozkotuko du” probak, Hezkuntza Sailaren esanetan.
Gutunean iragartzen denez, probak maiatzaren 15etik 31ra egingo dituzte hautatutako hezkuntza zentroetan. Planto egiteko deia luzatu dute dagoeneko hainbat hezkuntza eragilek. “Inposizio gisa sartu da ikastetxeetan”, azaldu du Hezkuntza Plataformen Topaguneko kidea de Samuel Pasandinek, eta gaineratu du proba “erabat antipedagogikoa” dela. “Gaur egun indarrean dagoen ebaluazio sistema osoa da berez antipedagogikoa. Zenbakiekin ebaluatzen gaituzte eta ikastetxeen eta herrialdeen arteko lehia sustatzen da, Pisa txostena da horren adibide argiena”.
Ebaluazio sistema horretan “sakontzea” da proba berri horren xedea, Pasadinen ustez. “Aurtengo azterketek diagnostikorako soilik balioko dute, baina mota horretako probak ezartzeko asmoa da horren guztiaren aztean ezkutatzen dena”. LOMCEren aplikazioak bere horretan jarraitzen duela ere azpimarratu du plataformako kideak, “liburu gehienak aldatu dituzte azken urteetan, eta eredu horretan sakontzea dute helburu mota honetako probek”.
Hasi dira dagoeneko planto dinamikak egiten eskualdean. Pasandinek argi du “ikasleen planto bat” izan behar dela erantzuna. “Probak diagnostiko bat egiteko baino balio ez duenez ez da derrigorrezkoa egitea eta ez egiteak ez du ondoriorik ekarriko ikasleen emaitza akademikoetan. Planto egiteak, beraz, ez du ondorio negatiborik izango”. Zentzu horretan, kaleak baino, ikastetxeak dira bete behar direnak, Pasandinen aburuz.