“Kanpo ebaluazio diagnostikoa” egingo du Eusko Jaurlaritzak Zaraobe Institutuan

Txabi Alvarado Bañares 2017ko mai. 5a, 09:20

Eusko Jaurlaritzak planteatutako proben aurka iaz eginiko mobilizazio baten irudia.

Jaurlaritzak adierazi du proba hori ez dela errebalida bat izango. Planto egiteko deia luzatu dute hezkuntza eragileek. Maiatzaren 15etik 31ra bitartean egingo dira azterketak.

EAEko 60 hezkuntza zentrotan egingo du Eusko Jaurlaritzak DBH 4. mailako ikasleei zuzendutako “kanpo ebaluazio diagnostikoa”. Hala adierazi du Hezkuntza Sailburuordea den Maite Alonso Aranak ikastetxe horiei bidalitako gutun batean (hemen doa atxikituta gutun osoa). Zaraobe Institutua da proba hori egiteko deia jaso duen zentroetako bat. Antzeko proba bat egingo dute baita Lehen Hezkuntzako 6. mailan, 30 zentrotan.

Ikasleek “oinarrizko konpetentziak” zer neurritan haienganatu dituzten jakitea izango da azterketa horien helburua, gutunean adierazten denez. “Faktore indibidualak eta testuinguruari lotutakoak (sozioekonomikoak, kulturalak eta hizkuntzari lotutakoak)” hartuko dira aintzat horretarako.

Planto egiteko deia
Hezkuntza Sailburuordeak azpimarratu du proba horiek ez direla errebalidak izango. “Diagnostikoa” egiteko baino ez dute balioko eta ez dira erabiliko “ikastetxeen arteko rankingak” egiteko.

“Ikaskuntza-prozesuaren berri jasotzea da ebaluazio horien helburua, hobetzen laguntzeko”. Modu horretan, “ebaluazio-eredu propio bat baliozkotuko du” probak, Hezkuntza Sailaren esanetan.

Gutunean iragartzen denez,  probak maiatzaren 15etik 31ra egingo dituzte hautatutako hezkuntza zentroetan. Planto egiteko deia luzatu dute dagoeneko hainbat hezkuntza eragilek. “Inposizio gisa sartu da ikastetxeetan”, azaldu du Hezkuntza Plataformen Topaguneko kidea de Samuel Pasandinek, eta gaineratu du proba “erabat antipedagogikoa” dela. “Gaur egun indarrean dagoen ebaluazio sistema osoa da berez antipedagogikoa. Zenbakiekin ebaluatzen gaituzte eta ikastetxeen eta herrialdeen arteko lehia sustatzen da, Pisa txostena da horren adibide argiena”.

Ebaluazio sistema horretan “sakontzea” da proba berri horren xedea, Pasadinen ustez. “Aurtengo azterketek diagnostikorako soilik balioko dute, baina mota horretako probak ezartzeko asmoa da horren guztiaren aztean ezkutatzen dena”. LOMCEren aplikazioak bere horretan jarraitzen duela ere azpimarratu du plataformako kideak, “liburu gehienak aldatu dituzte azken urteetan, eta eredu horretan sakontzea dute helburu mota honetako probek”.

Hasi dira dagoeneko planto dinamikak egiten eskualdean. Pasandinek argi du “ikasleen planto bat” izan behar dela erantzuna. “Probak diagnostiko bat egiteko baino balio ez duenez ez da derrigorrezkoa egitea eta ez egiteak ez du ondoriorik ekarriko ikasleen emaitza akademikoetan. Planto egiteak, beraz, ez du ondorio negatiborik izango”. Zentzu horretan, kaleak baino, ikastetxeak dira bete behar direnak, Pasandinen aburuz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide