Errefuxiatuen aldeko ekimena antolatu duzue larunbat honetarako Amurrion. Nola sortu zen egitasmo hori egitearen ideia?
Urduñan antzeko ekitaldi bat egin zen martxoan. Errefuxiatuen aldeko zerbait egin nahi genuen. Ikusten genuen politikarien eta bestelako erakunde batzuen aldetik gauzak oso geldirik zeudela. Orduan erabaki genuen hiritargoa biltzea, dirua lortzeari begira zerbait antolatzeko. Dirua bildu nahi dugu Grezian dagoen erakunde batentzako: Himaya. Errefuxiatuak kanpalekuetatik pisu egoki batzuetara eramaten ditu elkarte horrek.
“Urduñan atera zen diruarekin sei-zazpi errefuxiatu familia eraman ahal izan ziren pisuetara”
Urduñan atera zen diruarekin sei-zazpi familia bideratu ahal izan ziren pisu horietara. Eskaintzen dugun laguntza zuzenekoa da: Himayak web-gune bat dauka, zeinetan argi ikusi daitekeen zein den emandako diruak egiten duen bidea.
Nortzuk antolatu duzue ekimena?
Sare bat egin dugu. Gaiarekiko sentsibilitatea duen jendearengana jo dugu, eta berehala animatu dira gehienak. Nahiko erraza izan da jendea lotzea, identifikatua dugulako zeintzuk mugitzen diren horrelako ekintzetan.
“Ekimena Artziniegan errepikatzea da asmoa, hitz egiten ari gara bertako jendearekin”
Sekulako laguntza jaso dugu baita Amurrioko Udalarekin partetik. Urduñan eginiko ekintzen tankerakoak egingo ditugu: azoka solidarioa egongo da goizean, zeinetan Amurrioko ikastetxe guztiek hartuko duten parte. Eskulanak egin dituzte eskoletan, gero merkatu horretan saltzeko.
Zer beste ekintza antolatu dituzue larunbaterako?
Azoka 12:00etatik 14:00etara arte egongo da. Hori baino lehen, 10:00etan, yoga saioa eskainiko du Kirtana zentroak, borondatearen truke. Elkartasun bazkaria egingo dugu 15:00etan, eta arratsaldean musika, txosna eta pintxo-pote solidarioa egongo dira, gaueko drone erakustaldia baino lehen.
“Laudion ere egin nahi dugu, baina momentuz ez dugu bertako inor lotzerik izan. Hori dela eta, norbait hau irakurri eta animatzen bada gurekin kontaktuan jartzera gonbidatzen dugu”
Eguna amaituta zer nolako jarraipena emango diozue ekimenari?
Ekimena Artziniegan errepikatzea da asmoa, hitz egiten ari gara bertako jendearekin. Irailean egingo da bertan, ikastetxeek ere parte hartzea nahi dugulako. Laudion ere egin nahi dugu, baina momentuz ez dugu bertako inor lotzerik izan. Hori dela eta, norbait hau irakurri eta animatzen bada gurekin kontaktuan jartzera gonbidatzen dugu. Aiaraldea osora zabaldu nahi dugu errefuxiatuekiko elkartasuna.