Euskararen normalizazioa Aiaraldean

Doako baliabideak emango dizkie udalak merkatariei, “euskararen paisaia handitzeko”

Erredakzioa 2017ko mai. 18a, 07:30
Atzo egin zuten udal-ordezkariek kanpainaren aurkezpena, herriko bi merkatariren laguntzarekin. / aiaraldea.eus

Kartel pertsonalizatuak egiteko aukera eskainiko die udalak saltokiei.

“Amurrion gehiago irabazi euskararekin” kanpaina egingo du aurten ere udalak. Kanpainaren helburua izango da herriko merkatari eta enpresa ertain eta txikiei doako baliabideak eskaintzea euren zerbitzuak euskaraz eskaini ahal izan dezaten.
 
Euskarazko kartelen erabilpena sustatzea izango da aurtengo helburua. Hainbat euskarri sortu ditu udalak horretarako, establezimenduaren arabera pertsonalizatu ahalko direnak. Euskararen ikusgarritasuna handitzea espero dute horrela. “Establezimenduetako langile euskaldunen argazkiak ere jarriko dira, bezeroak identifika ditzaten”, jakinarazi dute.

12 urteko ibilbidea
12 urte daramatza Amurrioko Udalak kanpaina hori egiten, eta kartelak euskaratzearena ez da eskaintzen duen gauza bakarra. Doako itzulpen zerbitzua ere eskaintzen du, eta baita saltokiei espresuki zuzendutako euskara ikastaro bat ere, 60 ordukoa.

72 eragilek erabili dute zerbitzua orain arte. Udaletik nabarmendu dute herrian dauden 44 taberna eta jatetxeetatik 21k hartu dutela parte kanpainan, “ia erdia”. Hortaz gain, herriko 30 erakundek dute Bai Euskarari ziurtagiria.

Urte amaierarako erronka zehaztu du udalak: zerbitzua 100 eragileri eskaintzea, herriko elkarte, denda eta ostalaritza establezimenduen % 25a.  

Euskararen erabilera gora
Josune Irabienek azaldu du azken urteetan nabarmen igo dela euskaldun kopurua Amurrion. “Hemendik bi urtera Amurrioko biztanleen erdia euskaraz hitz egiteko edo, gutxienez, ulertzeko gai izango da”, aurreikusi du. Hortaz gain, alkateak nabarmendu du aurtengo aurrekontuen % 2,13a bideratuko dela euskara sutatzera (292.096,90 euro).

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide