“Amurrion gehiago irabazi euskararekin” kanpaina egingo du aurten ere udalak. Kanpainaren helburua izango da herriko merkatari eta enpresa ertain eta txikiei doako baliabideak eskaintzea euren zerbitzuak euskaraz eskaini ahal izan dezaten.
Euskarazko kartelen erabilpena sustatzea izango da aurtengo helburua. Hainbat euskarri sortu ditu udalak horretarako, establezimenduaren arabera pertsonalizatu ahalko direnak. Euskararen ikusgarritasuna handitzea espero dute horrela. “Establezimenduetako langile euskaldunen argazkiak ere jarriko dira, bezeroak identifika ditzaten”, jakinarazi dute.
12 urteko ibilbidea
12 urte daramatza Amurrioko Udalak kanpaina hori egiten, eta kartelak euskaratzearena ez da eskaintzen duen gauza bakarra. Doako itzulpen zerbitzua ere eskaintzen du, eta baita saltokiei espresuki zuzendutako euskara ikastaro bat ere, 60 ordukoa.
72 eragilek erabili dute zerbitzua orain arte. Udaletik nabarmendu dute herrian dauden 44 taberna eta jatetxeetatik 21k hartu dutela parte kanpainan, “ia erdia”. Hortaz gain, herriko 30 erakundek dute Bai Euskarari ziurtagiria.
Urte amaierarako erronka zehaztu du udalak: zerbitzua 100 eragileri eskaintzea, herriko elkarte, denda eta ostalaritza establezimenduen % 25a.
Euskararen erabilera gora
Josune Irabienek azaldu du azken urteetan nabarmen igo dela euskaldun kopurua Amurrion. “Hemendik bi urtera Amurrioko biztanleen erdia euskaraz hitz egiteko edo, gutxienez, ulertzeko gai izango da”, aurreikusi du. Hortaz gain, alkateak nabarmendu du aurtengo aurrekontuen % 2,13a bideratuko dela euskara sutatzera (292.096,90 euro).