San Pedro mendian borrokatzen egon zinen Gerra Zibilean.
Bai, mendia militarki hartzean parte hartu nuen. Bilboko zutabe batekin etorri nintzen Aiaraldera, 1936ko abuztuaren hasieran, etsaia Urduña konkistatzen saiatu zelako. Erreformatoriora joan ginen (gaur egun “El Refor” bezala ezagutzen den tokira). San Pedro mendia okupatu genuen. Hor egon ginen borrokan egun batzuk, etsaiak amore eman behar izan zuen arte.
Kontuan izan behar dugu boluntarioz osatutako talde bat zela gurea. “Ekintzaile zirkunstantzialak” ginen, formazio militarrik gabekoak. Logikoa den bezala, kaos handia sortzen zuen horrek.
“Formazio militarrik gabeko boluntarioak ginen. Kaos handia sortzen zuen horrek”
Behin San Pedro hartuta, zer gertatu zen?
Inguruko mendietara abiatu ginen, etsaiaren balak gure paretik nola igarotzen ziren sentitzen genuela. Gero jakin izan genuen eurak erreketeak zirela, herriko jendea. Guk bezain formazio militar eskasa zeukaten. San Pedron nengoela zulo batekin egin nuen topo, txikia. Euria egiten ari zen, eta bertan geratzea agindu zidaten, talde baten arduradun gisa. Gaueko ordu txikitan argi batzuk ikusi genituen urrunean, apurka apurka guregana gerturatzen. Etsaia zen. Sumatu zuten ez ginela oraindik Txibiartera iritsi, eta mendi hura hartu nahi zuten. Sua egin genuen orduan. Buruan iltzatua dut irudia: gu zulo horretan sartuta, oinak uretan uzkurtuta.
Hurrengo egunerako etsaia nahiko indartua zegoen Txibiarten. Tiroketa bat hasi zen, baina ez zuen asko iraun. Handik denbora batera UGTko batailoi batek lortu zuen Txibiarte hartzea. Hildako ugari egon ziren mendi horretara iristeko borroketan. Bi mendiak gure eskuetan egonda, lubakiak egiten hasi ginen.
“San Pedro eta Txibiarte hartzea lortu genuenean ekin genion lubakiak egiteari”
Hildako ugari egon zirela aipatu duzu.
San Pedro mendiko borrokak ez ziren horren odoltsuak izan. Nire agindupean zeudenen artean ez zen bajarik egon. Txibiarteren hartzea izan zen odoltsuagoa. Etsaiak bazekien eraso egingo genuela, eta askoz hobeto defendatu zuen zonaldea.
Handik hilabete gutxira ofentsiba bat hasi zen, Txibiarte eta San Pedrotik abiatuta. Zortzi egun generamatzan mendian, eta batailoi nazionalista bat gerturatu zitzaigun erreleboa hartu behar genuen egun berean. Akordio batera iritsi ginen eurekin: fusil-metrailadore bat ematen baziguten arma hori erabiltzen zuten soldadu nazionalistak ordezkatuko genituen ofentsiban. Erasoa ez zen oso ondo atera, ez baikenuen aurrera egitea lortu. Baina nazionalistei ez zitzaien bururatu ere egin arma hura erreklamatzea. Gure eskutan geratu zen.
“San Pedro mendiko borrokak ez ziren horren odoltsuak izan. Nire agindupean zeudenen artean ez zen bajarik egon. Txibiarteren hartzea izan zen odoltsuagoa”
Ganekogortatik ere ibili zinen, ez?
1937an izan zen hori. Soiube aldera bidali gintuzten, italiarrek Bermeo hartzea lortu zutelako. Errelebo batean Arrigorriagako mendietara eraman gintuzten, Pagasarri aldera. Ume eta heldu asko ikusi genituen bertatik izkutatuta. Zirrara handia eragin zigun horrek. Bertan geundela tiro hotsak entzun genituen Arrigorriaga aldetik, etsaia jada bertan zegoenaren seinale.
Bilbo erortzear egongo zen...
Gernikatik hurbil ere egon nintzen hainbat egun, baina jada berandu zen: etsaiak budinezko gerrikoa gainditzea lortu zuen. Erretiratzeko agindua jaso genuen. Lau hildako utzi genituen atzean. Xixoneraino (Asturias) joan nintzen, eta bidean zauritu egin ninduten.
Non zauritu zintuzten?
Hankan eta bularraren ezkerreko aldean. Jainkoarengan sinetsiko banu, biziraun izana mirari bat izan zela esango nuke, bonba defentsiboez beteriko gerriko bat bainuen jarria. Ez zuen eztanda egin.
Figuerasen ber-antolatu eta Guadalajarara joan ginen. Albarracin parean geundenean amaitu zen gerra. Handik denbora batera nire kabuz ekin nion Frantziarainoko bidea egiteari. Komunista bezala nire eginbeharra zen gerra amaituta erresistitzen jarraitzea.
“Komunista bezala nire eginbeharra zen gerra amaituta erresistitzen jarraitzea”
Nolakoa izan zen bidaia?
28 egun eman nituen oinez. Gauez egiten nuen bidaia eta egunez lo, topatzen nuen edozein aterpetan. Mendi Galdutik saiatu nintzen Frantziara igarotzen, baina ezin izan nuen. Etxola batean lokartu nintzen. Handik denbora gutxira hotza sentitu nuen buruan: Guardia Zibilen fusilen kanoiak ziren. Inguratuta zuten etxola.
Gerra zibilean ardura ugari bete zenituen bando errepublikarrean. Baina behin atxilotuta fusilamenduaz libratu zinen. Nolatan?
“Desordenu ordenatua” zen frankismoa. Preso eraman ninduten, baina handik sei hilabetera niri buruzko informazioa heldu zen Barakaldotik. Pertsona ona nintzela zioten, eta ez nintzela inoiz tabernetan sartzen. Azken hori egia zen. Bertan ez ninduten ezagutzen, eta ez ziren konturatu militantea nintzela. Epaiketa militarra izan nuen beranduago, Bilbon, eta baldintzapeko askatasunean utzi ninduten.