Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Kaktusen arantzak baliatu ditut nire semearen autismoa azaltzeko”

Txabi Alvarado Bañares 2017ko eka. 2a, 07:00

Egun Luiaondon bizi da Luis B. Rodriguez Ibernia. / Aiaraldea.eus

Tengo autismo... mi amigo Poncho liburua plazaratu du LUIS B. RODRIGUEZ IBERNIAk (Amurrio, 1975). Bere semeak autismoa nola bizi duen azaltzen du, arazo hori duen kaktus baten istorioa baliatuta.

Hau da zure lehengo liburua. Nola sortu zitzaizun idazteko grina?
Urte eta erdi  eman dut proiektua garatzen. Komiki bat egin nuen hasieran, nire semeari, Aimarri, frustrazioa kudeatzen irakasteko.

Balio izan ziola ikustean, pertsonaiak apur bat gehiago landu nituen, eta ipuin bat idatzi nuen, Aimarrek klaseko kideei autismoa zer den irakatsi ziezaien. Autismoa duen ume bakoitza ezberdina da besteekiko, bakoitzak bere ezaugarriak ditu.

Aimarrek eskolara eraman zuen liburua, eta gainontzeko ikasleen aurrean irakurri zuen. Irakasleak esan zidan ume guztiak adi-adi egon zirela, ipuina asko gustatu zitzaiela eta Poncho (ipuinaren protagonista) Aimar zela konturatu zirela.  Izan zuen harrera ikusita, formatu profesionalago batean plazaratzea erabaki nuen. Circulo Rojo argitaletxearekin jarri nintzen harremanetan. Liburua nik neuk editatu nuen, dirua nire poltsikotik jarrita. Ilustratzaile batekin ere kontaktatu nuen, marrazkiak modu txukunagoan egiteko.

 

"Sekulako eragina izan du ahoz ahoko zabalpenak. Astebetean agortu ziren 200 aleak"

 

Liburuaren 200 ale saldu zenituen astebetean.
Bai, ez nuen espero. 100 inguru saltzea espero nuen. Ikastetxe gehiagotara eraman dute, Aresketa Ikastolara edota Arrankudiagakora kasu. Aimarren klaseko kide guztiek, lagunek, lagunen lagunek... erosi dute liburua. Sekulako eragina izan du ahoz ahoko zabalpenak. Madrileko Unibertsitate Autonomora ere iritsi dira kopiak. Kate bat da. Depresioa zuen emakume batek entzun du RadioLlodion egin didaten elkarrizketa eta bizitzaren erlojua berriz aktibatu zaiola esan du. Jende askorentzat ari da lagungarria izaten.

Alerik gabe geratu naiz. Orain Amazon bidez eskuratu daiteke. Eskaria egon ahala aterako dituzte kopiak. Badaude ipuinarekin negar egin duten gurasoak, oso istorio gizatiarra kontatzen baitu, bizitza den moduan azalduaz.



Zer kontatzen du liburuak?
Poncho izeneko kaktus baten istorioa du ardatz. Arantzak ditu, kaktus guztiek bezala, baina bere arantzak luzeagoak dira, zailtasun gehiago ditu. Arantzak baliatzen ditut autismoa irudikatzeko. Autismoa duten umeek badituzte sentimenduak, baina zailtasunak dituzte sentimendu horiek adierazteko.  

Liburuak kontatzen du klaseko haur bati Ponchorekin egun bat igarotzea egokitzen zaiola. Haurrak hasieran ez du nahi Ponchorekin egon, oso ume arraroa iruditzen zaiolako, baina bere eguneroko bizitza gertutik ikusten doan heinean harreman bat garatzen du berarekin, eta ulertu egiten du zer den gertatzen zaiona.

Gurasook bizitzen dugun esperientzia ere jorratzen dut liburuan. Medikura eginiko bisitak, logopedarekin izandako esperientziak... ipuin oso polita da, autismoa zer den jakiteko balio du.

Oso anitza da Autismo Espektroaren Nahasmendua. Ume bakoitza modu batekoa da.  Badaude harremanak egiteko zailtasunak gainditzen dituztenak. Beste batzuk, aldiz, bizitza osoa eman dezakete sentimendurik adierazi gabe.

 

"Badaude ipuinarekin negar egin duten gurasoak, oso istorio gizatiarra kontatzen baitu, bizitza den moduan azalduaz"



Autismoa horren zabala izanda nolatan identifikatu dira horrenbeste ume Ponchoren figurarekin?
Jende asko sentitu da ipuinarekin identifikatuta bertan kontatzen dena honakoa delako: denok ditugula arantzak. Denok ditugu gure arazo propioak. Aratza horiek gainetik kentzea, horretan dago gakoa. Arazoei konponbidea bilatzen saiatzea, horretarako estrategiak garatuaz.

Guri, “teorikoki”, ez zaigu kostatzen hori egitea, baina ume hauei asko kostatzen zaie. Horregatik irakatsi behar zaie. Aimarrek lehen ez zuen apenas hitz egiten, oihukatzera mugatzen zen. Gaur egun, baina, kapaza da munduko guraso onena zarela esateko. Sekulako garapena da hori. Autismoa du, eta autismo horretatik irteten saiatzen ari da. Oraindik oso traketsa da harremanak garatzen. Parkean dagoenean beste umeek iraindu egiten dute, adierazteko beste modu bat duelako.

Baina Aimarrek, autismoa izateaz gain, gaitasun handiak ditu baita. Anekdota bat kontatuko dizut: Behin Llanesera gindoazen autoz, eta “Santader” zioen kartela ikusi genuenean Aimarrek esan zigun Santander Kolonbiako estatu bat zela. Lau urte izango zituen garai hartan. Estatu horren armarriaren ezaugarriak ere aipatu zizkigun. Gai zen bizpahiru urte lehenago ikusitako informazio bat oroitzeko.

Kapazitate handia du memoria eta informazioa prozesatzeko. Edozein futbol talderen ezkutua marraztu dezake, Milaka ezkutu dakizki buruz. Hori ikustean umeak harrituta geratzen dira, eta harreman bat sortzen da euren artean.

 

"Ipuinak kontatzen du denok ditugula arantzak. Denok ditugu gure arazo propioak"

 


Nori dago zuzendua liburua?
Liburuak balio dezake ikastetxe bateko umeei autismoa zer den irakasteko. Modu horretan autismoa duten kideen jarrera eta portaerak hobeto ulertu ahalko dituzte. Marrazkiak oso garrantzitsuak dira horretarako.

Gurasoei ere dago zuzendua. Askok ez genekien autismoa zertan zetzan. Ponchoren bizitzako egun bat kontatzen du liburuak, errutinen garrantzia azpimarratuaz. Errutinak ezartzea oso garrantzitsua da autismoa duten umeentzat. Ezarritako planetik ateratzen den zerbait gertatzen bada oso urduri jartzen dira. Horregatik, guraso gisa, zer gertatuko den aurreikusi behar duzu.  

Baduzu beste libururen bat idazteko asmorik?
Ez. Proiektu puntuala izan da, prozesu luze baten ondorioa izan dena gainera. Apurka apurka hazten joan da egitasmoa, eta bada geratzeko garaia. Salmenten bidez lortu dut berreskuratzea liburua argitaratzeko jarritako dirua.

 

Hemendik aurrera lortzen dudan dirua Aimarren amets bat egia bihurtzeko baliatuko dut: Estatu Batuetako amerikar futboleko  Baltimore Ravens ikustera joatea, Aimarren talde gustukoena. Ez dakit zergatik dituen gustuko, inoiz ez du euren partidu bat ikusi, baina euren armarriaz maiteminduta dago. Hori da nire helburua: Aimarren bizitzako ametsa egia bihurtzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide