Egitarau oparoa prestatu du Amurrioko Gazte Asanbladak datorren larunbaterako (ekainak 10). “Haritik harira, hamar urte badira” lemapean antolatu dute eguna. Izan ere, hamar urte betetzen ditu aurten Gazte Asanbladak. Duela astebete plazaratu zuten urteurrena ospatzeko abestiaren bideoklipa, Burubio Musika Elkarteko kideekin elkarlanean eginikoa:
Goizeko hamaiketan jaurtiko da hasiera suziria, eta tortila txapelketari ekingo zaio jarraian. Lehiaketan parte hartu nahi duten taldeek ekainaren 8a (osteguna) baino lehen eman beharko dute izena Txokogorri tabernan, euro baten truke. Parte hartzaile bakoitzak bere material eta osagai propioak eraman beharko ditu.
11:30etik aurrera haurrentzako eskaintza nagusituko da: tailerrak eta puzgarriak egongo dira, Ane Gebara ipuin kontalariarekin batera. Saskibaloian jokatzeko aukera ere izango dute umeek, Zaraobe taldearen eskutik.
Hamabietan hasiko da 3x3 Futbito txapelketa. Partaideek 11:00etan eman beharko dute izena Juan Urrutia plazan, 3 euro ordainduta. Sokatira norgehiagoka ikusteko aukera egongo da baita, Artziniegako Bizindar taldearen eskutik. 14:30ean izango da bazkaria San Anton plazan. Txokogorrin lortu daitezke tiketak, 10 euroren truke. Mus Txapelketa eta bertso-hop emanaldia egongo dira ostean, Izar Mendiguren, Paula Amilburu eta Ander Solozabalen eskutik.
19:00etan kalejira abiatuko da Sakatu elektrotxarangarekin eta ondoren ekitaldia egongo da, 21:30ean. 22:00etan hasiko da gaueko eskaintza: Astarte, Placton, Tremenda Jauria eta Batek daki taldeak igoko dira oholtzara.