“Beldurra beti dago hor, beharrezkoa da kirol honetan”

Txabi Alvarado Bañares 2017ko eka. 9a, 12:16

ANDIMA ERRAZTI GUARESTIk (Amurrio, 1993) urteak daramatza skate parkeetan aldapa gora eta behera, BMX bizikleta modalitatean.

BMX deritzon kirola praktikatzen duzu. Zertan datza?
BMXek Bicycle Motocross esan nahi du ingelesez. Motokrosean oinarrituta dagoen bizikleta modalitatea da. Hainbat modutan praktikatzen da: skate parkean, olinpiadetan egiten diren lasterketetan, lurrean dantzatzen edota lurraren gainean saltoak egiten.

Non aritzen zara zu?
Skate parkeetan egoten naiz gehienbat. Bi modalitate daude: Street eta bowl. Azken hori praktikatzen dut batez ere. Asko gustatzen zaizkit lurrarekin eginiko aldapak, baina hemen inguruan ez daude asko.

 

"Ni Urduñakora joaten naiz normalean. Hori da eskualdetik gogokoen dudan skate parkea"



Eskualdean ba al da nahikoa azpiegitura?
Kanpoan askoz skate parke hobeak topatu daitezke. Urduñakoa nahiko zaharra da. Laudiokoa merke egin nahi izan zuten, eta ez zitzaien ondo atera.

Beste toki batzuetan apustu sendoa egin dute parke on bat jartzeko, Trapagaranen adibidez. Jende asko doa bertara. Gu astean hiru aldiz goaz gutxienez hara, Leioara edo Sopelara. Asteburuetan furgoneta hartu eta urrunago joaten gara: Irunera, Angelura, Iruñera... toki askotara.

Ni Urduñakora joaten naiz normalean. Hori da eskualdetik gogokoen dudan skate parkea. Udaletxeek horren aldeko apustua egin beharko lukete, nire ustez. Geroz eta zaletu gehiago ditu kirol honek. Amurrioko skate parkean ume asko aritzen dira, baina geroz eta gutxiago dira, maldak oso altuak baitira, eta ez dira hasiberrientzako egokiak. Bestelako guneak egongo balira askoz zaletasun gehiago egongo litzateke. Trapagaran da horren adibide. Amurriok haina biztanle ditu, eta parke on bat egin dute, horregatik dago egunero jendez lepo.

Nola hasi zinen zu?
Aitor Pinedo ezagutu nuen. BMXean aritzen zen, eta garai hartan ez zegoen kirol hori praktikatzen zuen jende askorik. Idoloa zen guretzat.

Gurasoei bizikleta bat eskatu nien orduan. Lagun ugari hasi ginen praktikatzen. Batzuk utzi egin dute, baina nik aurrera jarraitu dut, txikitatik asko gustatzen zaidalako.

 

"Nik behar dudan bultzada trikimailuak ikasten, profesionalen bideoak ikusten, lagun berriak egiten... lortzen dut"



Zerk bultzatu zaitu jarraitzera?
Apurka apurka hobetzeak motibatu egiten zaitu. Nik behar dudan bultzada trikimailuak ikasten, profesionalen bideoak ikusten, lagun berriak egiten... lortzen dut.

Zirrara sortzen duen bizikleta modalitatea da. Ezin naiz egon bi aste baino gehiago bizikletara igo gabe, adikzioa sortzen du!

Teknika, indarra... zer da kirol hau praktikatzeko gehien behar dena?
Txapelketetan hiru gauza hartzen dira kontuan: abiadura, hartzen duzun altuera eta estiloa.
Baditut ni baino indartsuagoak diren lagunak, baina bizikletarekin salto egiteko gai ez direnak. Teknika da garrantzitsuena, nire ustez. Pazientzia handia behar da, baina pixkanaka ikasi egiten da.

Txapelketa askotan parte hartu duzu?
Malagako txapelketa batean egon ginen duela hilabete, Gasteizko lagun batzuekin. Baina ezin dugu maila altua izan hemengo skate parkeak ez direlako beste toki batzuetan dituztenak bezalakoak, mugatuta gaude. Gasteizen urtean behin egiten dute txapelketa, baina ez da oso esanguratsua.  Oso kirol librea da, bakoitza bere kontura doa.

Txapelketarik ez badago, zein da aurrera begira duzun helburua?
Teknika hobetzea. Inoiz ez zara gustura geratzen, beti nahi duzu gehiago hobetu, geroz eta gorago iritsi ahal izateko.

Youtuben hainbat bideo dituzu. Irudiak jasotzea ere kirolaren parte da?
Bai, beti daramagu kamara gainean, eta beti egiten ditugu bideo zein argazkiak. Sare sozialetara igotzen ditugu gero.

 

"Beldurra kentzen zaio kolpatzeari. Egunero jasotzen ditugu kolpeak, baina kirol hau horrelakoa da"



Bateko salto besteko maniobra, seguru kolpe bat baino gehiago jaso duzula...
Beldurra kentzen zaio kolpatzeari. Egunero jasotzen ditugu kolpeak, baina kirol hau horrelakoa da. Beldurra beti dago hor, beharrezkoa da. Gorputzak behar du adrenalina puntu hori, beti eskatzen digu geroz eta gehiago egitea.

Kirol arriskutsua da BMXa?
Ume txikiei beti esaten diet beharrezkoa dela kaskoa eramatea, arriskutsua izan daitekeelako buruan kolpatzea.

Badaude hankak eta ukondoak babesten dituztenak ere, baina pixka bat deserosoa izan daiteke soinean gauza asko eramatea. Kaskoa da beharrezkoena.

Zer esango zenieke frogatzera ausartzen diren lagunei?
Pazientzia eta konstantzia izateko. Kolpeak jasoko dituzte, baina gustatzen bazaie aurrera jarraituko dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide