“Ez da uste bezain zaila artisau garagardoa ekoiztea”

Txabi Alvarado Bañares 2017ko eka. 12a, 18:11

Mikel Latorre Gulias, aiaragardo bat eskuan duela. / aiaraldea.eus

Aiaragardo izeneko garagardoa sortu berri du MIKEL LATORRE GULIASek (Amurrio, 1993). Eskualdeko hainbat txokotan hasi da saltzen.

Aiaragardo garagardoa sortu berri duzue. Nondik sortu zen ideia?
Urte batzuk neramatzan artisau garagardoaren zale gisa. Pirinioetan bizitzen egon nintzen. Lanetik irteten ginenean artisau garagardoak probatzera joaten ginen. Banuen bere garagardo propioak egiten zituen lagun bat. Iaz oparitu zidaten garagardoa egiteko oinarrizko kit bat, eta probatzeari ekin nion. Geroz eta material gehiago erosten hasi nintzen, etxean garagardoa ekoizteko helburuarekin. Garagardotegi txiki bat zuen lagun bat ezagutu nuen eta orduan otu zitzaidan ideia. Bere garagardotegia eta salmenta erregistroa erabili ahal nituen galdetu nion nire errezeta  propioa garatzeko.

Nolakoa da ekoizpen prozesua?
Kuzinatzean datza, funtsean. Maltatutako garagar-aleak hartzen ditugu. Hori da oinarrizko materia. Te bat egitea bezalakoa da. Hainbat ale hartu eta sukaldean uzten ditugu mazeratzen, 65 gradutan, ordubete inguru. Hortik ateratzen dugu mostoa. Beste ordubete jartzen dugu irakiten, gutxi gora behera. Orduan gehitzen zaizkio lupulua eta bestelako elementuak. Irish mosh izeneko alga gehitzen diogu guk, hondarrak gelatina bihurtzen dituelako eta beherantz eramaten dituelako.


“Aiaraldean badago garagardo kultura, baina garagardo komertzialarekikoa”



Legamiatzailean sartzen dugu gero. Atera dugun mostoari legamia botatzen diogu, garagarraren azukreak jan ditzan. Ontzen diren azukreak alkohol bihurtzen dira eta besteak garagardoari zaporea ematen diote.

Zer nolakoa da aiaragardoaren zaporea?
Garagardo amerikarrak gogoko ditut nik. Horregatik erabiltzen dut lupulu amerikarra, fruta kutsu handia eta usain gozoa dituelako. Jendeak uste du fruta zaporea duela aiaragardoak, baina ez da fruta, lupulu konbinaketa bat baizik.

Nondik lortzen dituzue osagaiak?
Hori da zailena, hemen ez dagoelako malta ekoizlerik. Estatu Espainiarrean badaude batzuk, baina multinazionalentzako egiten dute lan. Ingalaterran erosten ditugu guk, Simpsons markakoak. Gustatuko litzaidake hemengo malta ekoizleren batekin lan egin ahal izatea.

Garagardo mota bakarra sortu duzue momentuz. Baduzue gehiago plazaratzeko asmorik?
Badugu gehiago sortzeko asmoa, baina behin honen ekoizpena egonkortuta. Mota honetako beste garagardo bat sortu nahi dut, baina apur bat gogor eta txigortuagoa.

Zer nolako harrera izan du garagardoak?
Oso ona. Uste nuen zailagoa izango zela merkatuan sartzea, artisau garagardoak garestiagoak direlako. Baina harrera ona izan du, bai.



“Artisau garagardoa askoz osasuntsuagoa da, askoz onura gehiago ditu”



Badago artisau garagardo kulturarik Aiaraldean?
Ez hainbeste. Badago garagardo kultura, baina garagardo komertzialarekikoa. Horrelako garagardoetan urak osatzen du edariaren gehiengoa, oso zapore gutxi daukate. Garagardoaren mundua oso zabala da, baina jende gehiena ez dago artisau garagardoak edatera ohituta.

Zertan ezberdintzen da artisau garagardo bat garagardo komertzial batetik?
Ekoizpen moduan ezberdintzen da, batez ere. Guk erabiltzen dugun garagardotegia guztiz mekanikoa da, ez du ia ezer elektrikorik. 500 litro egin ditugu momentuz. Garagardo komertzialetan, aldiz, ekoizpen eredu industriala baliatzen da, dena geratzen da makinaren esku. Oso garagardo leunak ateratzen dira. Artoa  gehitzen diete sarritan malta gutxiago erabiltzeko. Nabarmena da aldea. Artisau garagardoa askoz osasuntsuagoa da, askoz onura gehiago ditu.

Non hasi zarete garagardoa banatzen?
Aiaraldean hasi gara. Bilbon ere saldu dugu, lagun baten tabernan. Artisau garagardoa banatzen duen taberna bat da, eta gure garagardotegi berdina erabiltzen dute. Kupela bat eman genien, eta agortu egin dute dagoeneko.

Amurrion dugu biltegia, Lucas Rey kalean. 11:00etatik 14:00etara gaude bertan. Telefono bat ere dugu (618825899), gurekin kontaktatu nahi duenarentzat.


“Tabernetan saltzea da gehien kostatzen ari zaidana, oso konplikatua delako garagardo komertzialen prezioekin lehiatzea”



Zaila da artisau garagardoen munduan sartzea?
Nire helburua garagardoa Aiaraldetik banatzea da. Asteburuan Legutioko Garagardo Azokan egon gara, baina eskualdeko banaketan jarri nahi dut arreta. Laudioko Garagardo Astean badago gure garagardoa dastatzeko aukera, La Viña Barri tabernan. Tabernetan saltzea da gehien kostatzen ari zaidana, oso konplikatua delako garagardo komertzialen prezioekin lehiatzea.

Zer aholku emango zenioke bere garagardo propioa egiten hasi nahi duenari?
Animatzea. Kuzinatzean datza lana, funtsean, garagar-aleak hartu eta esperimentuak egitean. Oso prozesu polita da, joko asko ematen du. Ez da jendeak uste bezain zaila.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide