aiaraldea.eus

Nerbioi txapeldun Amurrion jokatutako lehen "Rugby seven" txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Jon Guinea Vitorica   Kirola  Amurrio

Kirol hau hain berezia egiten duten baloreen isla garbia izan zen larunbateko jardunaldia, errespetua, elkartasuna eta adiskidetasuna lehiari une oro gailenduz.

Nerbioi txapeldun Amurrion jokatutako lehen "Rugby seven" txapelketan
Taldeko kideak larunbatean eginiko argazki batean. / Nerbioi Errugbi Taldea | Ikusi handiago | Argazki originala

Larunbatean (ekainak 8) Amurrioko lehen “Rugby Seven” txapelketa gauzatu zen. Sub-16 kategorian izan zen, eta bertan Bilboko taldeak, Gasteizko bi taldek eta etxeko taldeak hartu zuten parte. Eguraldia paregabea zen errugbi egun polit batez disfrutatzeko, eta hori egin zuten Reforrera hurbildu ziren zaleek. 10:30ean hasi ziren partiduak, lehen fasean berotzen joateko partiduak jokatu ziren, bertan ikusiz taldeen arteko norgehiagokak. Bi ordu geroago helduko ziren txapelketako une garrantzitsuenak, lehenengo finalaurrekoen ordua.

Etxeko taldea hasi zen Gaztedi A-ren aurka. Oso partidu gogorra eta berdindua izan zen, joan eta etorri ugariekin eta azken momentura arte sufrituko zuten etxekoek. Gogor hasi ziren, markagailuan aurretik jarriz, baina berehala berdindu zuten Gasteizkoek. Berriz ere Amurriokoen  txanda heldu zen eta horrela partidua aurrera joan ahala markagailuan gainetik joan ziren uneoro. Azken uneetan kontrako entsegua jaso zuten eta urduritasuna gorputzean sartu zitzaien, baina sufritzen jakin eta geratzen zitzaizkien indarrei helduz garaile atera ziren. Azkeneko emaitza 30-28 izan zen.

Hurrengo txanda Gaztedi B eta Bilborena izan zen. Partidu hori lasaiagoa izan zen, ikusten zen gazte gehienak lehen urtekoak zirela eta hortaz intentsitatea aurrekoan baino apur bat baxuagoa izan zen. Hala ere oso jokaldi ederrak ikusi ziren. Etxeko taldeak kanpotik arreta handiz ikusi zuen norgehiagoka, finalean izango zuten aurkariaren zain. Azkenean Bilbo atera zen irabazle 17-12.

Final handia, txapelketaren une inportanteena. Sekulako partidu ederra aurretik zegoena. Izan ere, bi talde horiek elkarrekin jokatzen dute denboraldi erregularrean. Gazte guztiak ondo ezagutzen ziren euren artean, beraz. Etxekoek lehen aldiz jokatuko zuten Nerbioi bezala eta horrek motibazio handia suposatzen zuen. Maila izugarria erakutsi zuten gure jokalariek, benetan jokaldi izugarriak burutu zituzten, entsegu politak lortuz. Gorbeik erraz iristen zen beste zelaira bere indarra eta joko aparta inposatuz, Markelek Bilbokoen lerroa behin eta berriz hausten zuen, Beñat eta Galderren hanka jokoak buruhauste galanta ziren aurkarientzat, Erlantz, Aitor eta Xabik ez zuten jokalari bat ere zutik uzten, Mikel (taldeko txikienak, oraindik sub-14) benetan ausart aritu zen aurkari guztien aurrean jarriz eta jokaldi guztietan parte hartuz, eta azkenik Sabinek jarriko zuen behar adina magia zaleak aho zabalik uzteko. Hau dela eta erraz atera ziren garaile, ia sufritu gabe eta markagailu finala 53-17 geratu zen. Nerbioi Txapeldun!

Giro ona izan zen nagusi egun guztian zehar, taldeen zein zaleen artean. Kirol hau hain berezia egiten duten baloreen isla garbia izan zen larunbateko jardunaldia, errespetua, elkartasuna eta adiskidetasuna lehiari une oro gailenduz. Argi dagoena da Amurrion etorkizun izugarria dagoela errugbi munduan eta gazteak gogor datozela, oso maila handiarekin.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa