Sua ez ezik, polemika piztu zen ostiralean Amurrion ikasleek sortutako sorgina lapurtu ostean. Sare sozialetan oihartzuna izan zuen lapurretak, azkenean erre bazuten ere.
Otsemeak taldeak mezua zabaldu du gaur sare sozialetan jakinarazteko eurek lapurtu zutela sorgina eta gaur agerraldia egingo dutela: "Gu izan ginen Amurrioko Udaleko sorgina kendu genuenak, ez dugulako onartuko beste urte batez ere sorginak, emakumeak, herritarron aurrean inkisizioaren garaietan bezala plaza erdian erretzea. Nazkatuta gaude udalaren promesa faltsuez eta uste dugu bazela garaia hitzetatik ekintzetara pasatzeko".
Talde feministen salaketa historikoa izan da hori (Pausoka zein Otsemeakena), izan ere, aldarrikatu izan dute ez dela emakumerik erre behar inkisizio garaian bezala. Esaterako, iaz ez zen sanjoanetan sorginik kiskali, baizik eta bestelako panpina.