Nola bizi zenuen zuk lehen Tourra?
Txirrindularitza familiako kirola da. Aitona Amurrioko txirrindulari elkartearen lehenengo pausuen parte izan zen, aita zikloturista eta epailea da, anaia txirrindularia da eta egun lasterketetara doa zenbait talderekin mekaniko eta masajista lanetan, biak egiteko gai baita.
Amak txirrindularitza mundua aitarekin batera ezagutu zuen eta ordutik gerora proba eta ekitaldi askotan egon da.
Beraz, horrelako testuinguruan txirrindularitzarako grina azkar piztu zitzaidan. Lasterketa bat etxetik hurbil zegoen bakoitzean joaten ginen, baita Tourrera ere.
"Tour osoa telebista edo irratian jarraitzen genuen eta urte askotan, Pirinioetako etapak heltzen zirenean, hara hurbiltzen ginen"
Geroago, urte nahikotxo Tourra bisitatu gabe egon nintzen, ni lasterketetan nintzelako. Baina libre egonda lagunekin joan izan naiz, bai bizikletaz portuak igotzeko edo autoz, Tourmalet, Luz-Ardiden, Aubisque, Marie Blanche, Pau, Lourdes, eta abar ezagutzeko.
Poztasunez gogoratzen dut, bikain eta zirrara betez pasa dugu beti.
Denboraldi osoa Tourrera begira prestatu duzue?
Abenduan, programak egiterakoan ixa gorri handia jartzen dugu txirrindulari jakin batzuekin tourrera begira. Gero denboraldia antolatzen da helburu nagusi hori kontuan izanda, baina behin hori argi edukita, irabazteko asmoarekin joaten gara beste lasterketetara.
"Gaur egungo txirrindularitzak ez du paradarik ematen proba batera asmo lehiakorrik gabe joateko"
Funtsezkoena da entrenamendu kargak, karrerak eta atsedenak ondo zehaztea eta urtean banatzea, baita altueran egiten diren zikloak. Gero, gauzen bilakaeraren arabera, planak aldaketak izan ahal ditu, baina hasierako ideia jarraituz beti.
Alde psikologikoari dagokionez, kirolari bakoitza ezberdina da eta bere ezaugarriak ditu. Ezberdina da bakoitzarekin lana.
Txirrindularitza eta kirola, oro har, gero eta zientifikoa bilakatzen ari da. Nola eragiten dio horrek zure lanari?
Azken urteetan aurrerapen zientifiko asko egon dira entrenamenduari lotutako zientziei dagokienez. Prestatzaile fisikoen lanak, berez, horrekin bat egiten du. Batez ere, entrenamendua aurrerapen zientifiko horien guztien kudeaketan eta aplikazioan datza, beste profesionalekin batera.
"Gaur egungo txirrindulari taldeak diziplina anitzekoak dira: medikuz, osteopataz, akupunturistaz, biomekanikoz, prestatzaile fisikoz, eta abarrez osatuak daude"
Vatioei buruz hitz egiten da azkenaldian. Azalduko diguzu zertan datzan hori? Zuek ere erabitzen duzue?
Vatioak txirrindulariak aplikatutako indarrak denborarekiko duen balorea da. Zenbat eta indar gehiago aplikatu denbora gutxiagoan, orduan eta vatio gehiago lortuko dugu, errendimendu hobea izanez.
"Vatioak neurtzeak txirrindulariaren ahalegina zehazki ezagutzeko aukera ematen digu eta horrekin aukera dugu bere entrenamenduak zehaztu, lasterketen intentsitatea jakin eta egoera fisikoa kontrolatzeko beste hainbeste baloreen estrapolazioa egiteko"
Guk erabiltzen ditugu potenziometroak, bai. Gaur egungo txirrindularitzan lehiakorra izateko oinarrizko elementua dira.
Txirrindulariek entrenatzeko bizikletako, lasterketako bizikletako eta krono bizikletako sistema dute: pantaila batera datuak bidaltzen dituzte eta hortik interneteko plataforma batera artxiboak igotzen dira. Hortik prestatzaileek hartu eta analizatzen dugu informazioa.
Zein da Astanaren helburua? Zer izango da zuentzat partaidetza arrakastatsua?
Tourrerako helburua sailkapen orokorra lehiatzea da. Taldeak oso ondo prestatu du eta denboraldi oso zaila izaten ari gara.
Guretzat partaidetza arrakastatsua Tourrean garaipena lortzea izango litzateke.