Kaskagorri eta Amurrio Club taldeen arteko harremana tenkatu da azken egunetan. Izan ere, Amurrio Clubak 1. mailako talde batekin hasi ditu negoziazioak hitzarmena sinatzeko. Kaskagorri taldea ez dago horrekin ados eta oraingo klubarekin, hau da, Athleticarekin, mantendu nahi du harremana. Horregatik utzi dio Amurrio Clubaren filiala izateari.
Kaskagorriko arduraduna den Koldo Gabiñak adierazi du oso gustura daudela Athleticarekin eta horrela jarraitu nahi dutela: "Amurrio Clubarekin etengo ez bagenu harremana, beste klub baten filiala izango ginateke, Amurrio baita talde nagusia eta berak sinatutakoa bete beharko genuke".
Hori dela eta, Gabiñak argitu du bertan behera utziko dutela urtebetez, momentuz, filial izaera hori, eta gero negoziatuko dutela Amurrio Clubarekin.
Amurrio Cluba negoziazio horien zain dago. Izan ere, Miguel Angel Jauregi taldeko ordezkariak iragarri du baloratu beharko dutela euren filial propio sortzea.