Lapurreta saiakera jazo da gaur eguerdian Amurrioko Mendiko kaleko Laboral Kutxaren bulegoan. 14:00ak aldera izan da erasoa; bi gizon bankura sartu direnean, aurpegia estalita. Horietako batek arma motza zeraman. Komunera sartu dituzte langile eta bezeroak, eta horietako bat kutxa gogorrera joanarazi dute. Alabaina ez dute dirurik ateratzea lortu segurtasun protokoloagatik, eta handik gutxira alde egin dute lapurrek bulegotik.
Iñaki Ibarluzea amurrioarra bankuaren barruan zegoen lapurreta saiakera jazo denean. "Bezeroontzat baino, bulegoko langileentzat izan da esperientzia gogorra", adierazi du auzokideak. "Denbora batez egon gara komunaren barruan, alde egin dutela sumatu dugun arte. Ondoren deitu ditugu udaltzainak".