Hainbat egile – Los mitos del 18 de julio (Crítica, 2013)
1936ko altxamenduaren inguruan hainbat mito sortu zituzten frankistek gerrari bidezkotasuna emateko. Hauetariko batzuk bizirik daude oraindik, geroago sortutakoekin batera, eta ez bakarrik historiografia errebisionistan. Ideia hauen arrakastari aurre eginez, liburuaren autoreek altxamenduaren benetako jatorri eta erroak aztertzen dituzte seriotasunez. Nahiz eta liburua luzea eta errepikakorra izan daitekeen, lehenengo atala irakurtzea derrigorrezkoa da altxamenduari eta gerraren hasierari buruzko egia jakiteko.
Yuval Noah Harari – Sapiens (Debate, 2015)
Azken urteotan indarrean daude gizakiaren historia osoaren sintesiak; hau da “historia luzea” deitzen dena. Baina ez dira laburpen hutsak; obra bakoitzak gai zehatz bat jartzen du narrazioaren erdian, historiaren motore gisa. Harariren ustez, gizakiaren historia hiru iraultzaren bidez azal daiteke: kognitiboa, nekazaritzarena eta zientifikoa. Dena den, beste teoria asko sortzen ditu Hararik oso originala, probokatzailea eta entretenigarria den liburu honetan.
Peter Frankopan – El corazón del mundo (Crítica, 2016)
Beste saiakera originala eta probokatzaile bat da britainarrak eskaintzen diguna. Bere ustez, Asia Hurbilean datza munduaren erdigunea, Mediterraneoaren eta Himalayaren artean: han agertu zen zibilizazioa eta antzinako inperio handiak, han garatu ziren erlijio nagusiak, bere bideetan zehar zabaldu ziren Eurasiako teknologia eta ideiak, eta hantxe jokatzen ari da orain munduaren etorkizuna. Historia ikusteko beste era bat, eurozentrismoa albo batean utzita. Liburu luzea da baina asko merezi du, gure ikuspuntu mendebaldarra zalantzan jartzen du eta.
Ryszard Kapuscinski: Ébano (Anagrama, 2000)
Kapuscinski poloniarra ez zen historialaria izan, pasa den mendeko kazetari onenetakoa baizik. Beraz, bere liburuak ez dira sailkatzen “historia” moduan baina dudarik gabe interes handikoak dira historia eta gure gizartea ulertu nahi duenarentzat. Liburu honetan, Afrikako estatu askotan izandako bizipenak kontatzen ditu, batez ere deskolonizazio garaian, afrikarren izaera konplexua aztertzen. Gurea ez den errealitate bat ezagutzeko liburu paregabea, poloniarraren sentikortasunarekin batera. Benetan dotore eta hunkigarria, literaturaren maisu-lan bat da.
Patrick Cockburn: ISIS. El retorno de la yihad (Ariel, 2015)
Gaur eguneko mundua hobeto ulertzeko ezin dezakegu ISIS edo DAESHen agerpena alboratu. Mendebaldetik oso erraz sinplifikatzen dugu ekialdean gertatzen ari dena: fanatismo erlijiosoa alde batetik, petrolio bestetik. Gure prentsaren informazio partzialak eta politikoen deklarazio hutsak ez dira oso argigarriak zergatia ulertzeko. Errealitatea askoz konplexuagoa da eta hori azaltzeko saiakerak eskertzen dira. Cockburn urte pila egon da ekialdean kazetari gisa eta hango gizartea ondo ezagutzen du. DAESHen jaiotzaren lekuko izan da eta fenomeno hori argi eta garbi azaltzen du liburu honetan.