“Beste hezkuntza eredu bat nahi dugu, umeak erdigunean jarriko dituena”

Aitor Aspuru Saez 2017ko uzt. 4a, 07:30

Marcos Rubio, orain arte argitaratu dituzten bi liburuak eskuetan dituela. / aiaraldea.eus

MARCOS RUBIOk (AMURRIO) “Thinking of poems” argitaletxea sortu du. Umeentzako ipuin ilustratuak plazaratzen dituzte, hezkuntzan eragiteko xedearekin.

Zer da Thinking of Poems?
Duela 6 hilabete inguru sortu zen proiektua, baina urtebete egon gara aurrez lantzen. Solasaldi luzeak izan genituen Lourdes Relloso psikologoak -Bidane Institutuko zuzendariak- eta biok.

Beste hezkuntza eredu bat nahi dugu, umeak erdigunean jarriko dituena. Gure ustez, baztertu egin behar da lantegietarako edo lanpostu jakinetarako gizakiak ekoizten duen hezkuntza modeloa. Norberaren irudimena eta sormena askatu behar da. Sistemarako langileak sortu ordez, herritarrak hezi behar dira.

Herritarrak heztea da helburua, beraz. Nola, ordea?
Dena modu etikoan egingo dugu; ez bakarrik edukiak, ekoizteko prozesua ere. Niretzat funtsezkoa da Thinking of Poems-en produktuak ez egotea eginda esklabotasun edo ia esklabotasun egoeran dagoen jendeagatik.

 

"Lourdes eta bion sintonia oso ona da. Marrazkiak nireak dira eta testuak Lourdesenak, baina dena sortzen da bion aldetik"

 


Nola ezagutu zineten Lourdes eta zu?
Bere pazientea izan nintzen, terapian egon bainintzen hilabete batzuk. Buruan zer nuen azaldu nion, eta berari ondo iruditu zitzaion, horrela sormena ere jorratu liteke eta. Horrela bilakatu gara lankide.

Lanean ari nintzen espainiar estatuan eta nazioartean oso errotua dagoen enpresa batean, baina ez nuen batere gogoko ikusten nuena: sailen banaketa, sekretu eta hierarkia gehiegi... Hortik ihes egin nahi nuen. Nik nahi nuen enpresa eraikitzea nuen helburu. Lourdesekin hasi nintzen planteatzen zer egin nahi nuen eta zertarako, bere esperientziatik abiatuta. Lanari dagokionez, tokiko inprimategiekin lan egiten dugu, paper birziklatua erabiltzen dugu, eta tinta ahalik eta ekologikoena. Garrantzitsua da tokikotasuna ekoizpen sisteman txertatzea.

Lourdes eta bion sintonia oso ona da. Marrazkiak nireak dira eta testuak Lourdesenak, baina dena sortzen da bion aldetik.

Nola bururatu zitzaizun Thinking of Poems izena?
Nik oso gogoko dut poesia  eta hori islatu nahi nuen proiektuaren izenean. Niretzat olerkiak oso garrantzitsuak dira. Ingelesez jarri nuen izena proiektua Europako herrietara heltzea nahi dudalako.


Zeintzuk izan dira zuen lanak orain arte?
Momentuz bi liburu egin ditugu, “Ipurterre pailazoa” eta “Amonaren lorea”. Beste batzuk lantzen ari gara, baina bakarra definitu dugu guztiz. Litekeena da irailean edo urrian plazaratzea.

“Ipurterre pailazoa”ren ilustrazioak unibertsitatean nengoenean egin nituen. Lourdesi erakutsi nizkion. Liburu horretan kontatu nahi genuen nola mindu ditzakegun umeak -edo inguruan daudenak- nahi edo konturatu gabe.

“Amonaren lorea”, aldiz, elkarlanean egin dugu Luchamos por la vida elkartearekin. Minbizia prebenitzeko lan egiten du erakunde horrek. Neska baten eta lore baten arteko harremana du ardatz liburuak, minbizia eta gaixotasunak lantzeko.

Zer esan dezakezu hurrengo proiektuei buruz?
Zaila izango dela, gure asmoa baita liburu interaktiboa egitea, umeek horrekin jolastu dezaten. Helburua letrak eta dislexia jorratzea da.

Hala ere, irailean kaleratuko dugun lana beldurren ingurukoa izango da. Neska bat izango da protagonista, emakumezkoek presentzia izatea nahi dugu. Gehiegi aurreratu nahi ez badut ere, iragarri dezaket hezkuntzak eragin dezakeen beldurra dela helduko dugun gaietako bat.

Zer nolako harrera izan du proiektuak?
Aintzat hartu behar da proiektu berria dela eta pazientzia izan behar dugula. Baina ipuinen harrera ona izaten ari da, nik harreman zuzena dudan jendearen artean behintzat. Emakume ugari hurbildu zaizkigu, gizonezkoak baino gehiago.

 

"Irailean kaleratuko dugun lana beldurren ingurukoa izango da. Neska bat izango da protagonista, emakumezkoek presentzia izatea nahi dugu"



Nolakoa da lana uztea nahi duzun proiektua abiatzeko?
Tentuz hitz egin behar da honi buruz, jendea harrotu ez dadin (barreak). Lana uztea erabakia nuen Thinking of Poems proiektuan hainbat gai nuelako loturik. Banekien Euskal Herrian banaketa bermatua zegoela, eta Luchamos por la vida elkartearekin harremana egina genuen. Bestalde, Ner Group taldearen laguntza izan dut kudeaketa modua prestatzeko. Ibilbideagatik soilik merezi izan du.

Denbora luzea behar duzue liburuak egiteko?
Lourdesek eta biok ez dugu ez motel ez azkar lan egiten. Zirriborroak egitea ez da ahalegin handia niretzat. Askotan denbora gehiago behar dugu euskaraz itzultzeko, ez baitugu nahi itzulpen hutsa izatea, euskarazko ipuina izatea baizik. Horrek prozesua luzatzen du apur bat, baina orokorrean bi edo hiru hilabete behar ditugu.

Aurkezpenak egin dituzue?
Bai, Santanderren egin genuen bat, Luchamos por la vida elkartearekin. Amurrion ekainaren 27an egingo genuen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide