Amurrioko presidenteak adierazi du urrats handia izan dela, eta Alavasekoak nabarmendu du oinarrizko futbolerako ekarpen inportantea izango dela Araban errotutako kluba txertatzea. Izan ere, Deportivo Alavesen asmoa da herrialdeko talde guztiak erakartzea proiektura. Zentzu horretan, oso garrantzitsutzat jo du Aiarako talde batekin hitzarmena gauzatzea.
Athleticen itzala
Prentsaurrekoan agertutakoek galdetu dute nolakoa izango den harremana jarraitzaileekin, jakinda eskualdeko jende gehiena athleticzalea dela.
Jauregik azaldu du kirol arloan dela bereziki interesgarria akordioa: "Nik badakit Alavesek maila handiko jokalariak utziko dizkigula, eta oinarrizko futbolean lagunduko gaituela, ekarpen ekonomikoa, garrantzitsua bada ere, niretzat bigarren mailakoa da".
Alfonso Fernandez de Troconizek badaki Athleticen presentzia handia dela Aiaraldean, baina bere zuzendaritzaren helburua da erreferentzia lortzea Araban. Gauzak horrela, hitzarmenak 4 ildo dauzka: trebakuntza, metodologia, kirola eta ekonomia.