"8 urterekin neska bakarra nintzen Kaskagorri futbol taldean"

Aitor Aspuru Saez 2017ko uzt. 24a, 07:16

Leire Egia CD Lakuaren uniformearekin eta lorpenekin.

LEIRE EGIA gazte amurrioarra futbol jokalaria da eta Lakua klubarekin Euskal Ligara igotzea lortu du aurten. Hurrengo denboraldian hobetzen jarraitu nahi du eta bere iraganari zein etorkizunari buruz mintzatu da. Euskal selekzioaren sub-16 taldearekin aritu da eta Athleticen teknifikazio saioetan ere parte hartu du.

Lehenik eta behin, aritu zara dagoeneko Euskadiko selekzioarekin, zer moduz?

Oso ondo pasa dut, lagun berriak egin ditut eta txapelketan Espainiako txapeldunordeak izatea lortu dugunez, niretzat bizitzan izan dudan esperientziarik onena izan da.

Hautatu nindutenean oso pozik jarri nintzen eta ezustekoa izan zen maila handia zegoelako.

CD Lakuarekin Euskal Ligara igotzea lortu duzu, nolakoa izan da denboraldia zuretzat?

Oso denboraldi ona izan da, bai taldeka bai pertsonalki ere. Lehen momentutik gure helburua zen igotzea eta azkenean lortu egin dugu.

Zu baino nagusiagoak diren jokalariekin aritzen zara, ezta? Lan handia da Amurriotik Gasteizera joatea entrenatzera?

Bai, plazera da niretzat ni baino nagusiagoak diren jokalariekin ikastea gauza berriak eta gomendioak jasotzea. Amurriotik Gasteizera joatea ez da lan handia niretzat gustatzen zaidana egiten dudalako, eta oraindik DBH3 mailan nagoenez, ez dut lan eta ikasketa asko etxerako.

Noiz erabaki zenuen futbolean jokatuko zenuela?

Txikitatik gustuko izan dut futbola eta 8 urterekin neska bakarra nintzen Kaskagorri futbol taldean. Oso ondo moldatzen nintzen mutilekin, ezin hobe portatu dira nirekin. Berdin zitzaidan neska bakarra izatea, bat gehiago sentitzen nintzen.



Zein izan da zure ibilbidea futbolean? Athleticekin teknifikazio saioak egin dituzu, ez da horrela?

8 eta 14 urte bitartean Kaskagorri taldean egon nintzen, aurten Lakuan eta noizbehinka Lezaman saioak egin ditut. Sub-12 sub-16 euskal selekzioan egon naiz.

Zeintzuk dira zure ezaugarriak jokalari gisa? Zein zure leku gogokoena zelaian?

Nire ezaugarririk handiena da bizkortasuna eta intentsitatea eta zelaian lekurik gogoena banda (alboan) da, taldean ia ia postu guztietan jokatu dudan arren.

Oso gaztea zara oraindik, helburuak ezarri dizkiozu zure buruari etorkizunerako?

Orain buruan dudan helburua da denboraldi ona egitea pertsonalki eta taldeka, hobetzea eta gauza berriak ikastea. Ametsa izango litzateke niretzat etorkizunean lehenengo mailan jokatzea.

Nola ikusten duzu emakumezkoen futbolaren egoera? Uste duzu profesionala izatea merezi duela ala zenbait kiroletan bezala profesionala izateak ez du ziurtatzen bizitza duina?

Azken urteotan hobetu da emakumezkoen futbolaren egoera, baina oraindik desberdintasun handia dago mutilen futbolarekin alderatuta...

Profesionala izan arren estatu espainiarrean soldata baxuak jasotzen dituzte jokalariek eta batzuk atzerrira joatea erabakitzen dute.



Zeintzuk dira zure erreferenteak futbolean?

Asko guztatzen zaizkit Oscar de Marcos eta Irene Paredes.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide