Belaunaldi aldaketa egon da Amurrioko Jai Herrikoien Aldeko Batzordean. “Jende berria sartu da aurten taldean”, azaldu du Iñaki Pikatza Yarrituk, “eta horrekin batera hainbat gauza aldatu ditugu gure finantzatzeko eta ekintzak aurrera ateratzeko moduan, genituen gabezia batzuei aurre egiteko”.
“Egunen arteko oreka” bermatzea izan da euren helburuetako bat. “Orain arte ‘egun indartsu’ bat antolatzen saiatu izan gara, diru-inbertsio handia eginez talde ezagun bat ekartzeko”, kontatudu Pikatzak. Aurten, aldiz, jaietako egun guztiak orekatu dituzte, diru-inbertsioak parekatu eta eguneroko eskaintza indartuta.
Bestelako jai eredua
“Egitarau anitza” sortzea izan da asmoa, baina ez soilik gaueko eskaintzari begira. “Ahalegindu gara sustatzen kirol jarduerak edota tokiko produktuen kontsumoa. Posible da beste jai eredu bat”, aldarrikatu du Batzordeko kideak, “hori islatzen saiatzen gara egitarauan”. Parekidetasunaren alde ere eman dituzte hainbat pauso. “Batzorde parekide eta feminista gara, hori nabarmentzen saiatu gara egitarauan. Oholtzara, adibidez, aurreko urteetan baino emakume talde gehiago igoko dira”.
Ez dute jaiak hasi arte itxarongo. Bezperan -abuztuak 11- egingo dituzte lehen ekintzak: txupinazoa, bertso-poteoa, afaria, eta DJ Bull-en emanaldia. 14an, aldiz, koadrilen ohiko jolasak egongo dira, baina zenbait aldaketekin: DJa jarriko dute, giroa gehiago berotzeko.
Urte osoko plangintza
Jai Herrikoien Aldeko Batzordearen jarduna, baina, ez da festekin amaituko. Urteko beste hainbat datetan ere antolatuko dituzte jarduerak, taldearen filosofia herrian errotzeari begira. “Urte amaieran beste dinamika bat abiatzeko asmotan gabiltza”, aurreratu du Pikatzak.