Egitarauari dagokionez, Larrabeko Jaiek ez dute aparteko berrikuntzarik izango aurten . “Magia saioa da aldatu dugun gauza bakarra”, adierazi du jai batzordeko kidea den Aintzane Tierrak, “BocaBeats ikuskizuna ekarriko dugu horren ordez”.
Bada, baina, aldaketa nabarmen bat: tokia. “Kaleko obrak direla eta jaia egiteko baliatzen genuen gunea ez dago erabiltzeko moduan”. Gauzak hala, Letobeko Parkera mugituko dituzte ekintzak.
Historia luzeko jaiak dira Larrabekoak, duela 50 urte baino gehiago sortu ziren. Gaur egun 10 lagun inguru daude jai batzordean, baina gainontzeko auzokideen iritziak ere kontuan izaten dituzte egitaraua osatzerako orduan. Gauzak hala, umeentzako eskaintza handitu zuten iaz. “Harrera ona izan zuen apustuak, eta aurten ildo hori lantzen jarraituko dugu”.
Letobeko parkea behin-behineko kokalekua den arren, batzordeko kideek ez dute baztertzen aurrerantzean jaiak bertan ospatzen jarraitzea. “Leku egokia izan daiteke, aurten duen harreraren arabera baloratuko dugu zer egin”.