Amurrioko Udalak jakinarazi du akordioa sinatu berri duela giza baliabideen udal-plan berriaren gainean, “urtebetez lanean egon eta gero udalean ordezkariak dituzten sindikatuekin -ELA, LAB eta CCOO-”. Hala ere, langileek batzar batean berretsi behar dute oraindik adostutakoa.
Bi lanpostu berri
Aipatutako plan horrek lanpostuen zerrendan izango du eragina, gaur egun 66 langilez osatua dagoena. “Lan-baldintzak hobetu egingo dira eta aintzat hartuko dira udalean atzeman diren antolamendu-beharrak”, adierazi dute udaletik, eta nabarmendu dute bi koordinazio lanpostu sortzea aurreikusi dutela: Gizarte Zerbitzuen Sailean bata eta Gizarte eta Kultura Zerbitzuen Sailean bestea. “Administrazio-laguntzaileak sustatzea” eta “aldi baterakotasuna murriztea” ere planteatzen da, “lanpostu deialdi baten eskutik”.
Urtea amaitu baino lehen abian egongo den Herritarren Harretarako Zerbitzuaren lan-baldintzak ere jaso dituzte planean.
Funtzio publikoko zinegotzia den Txerra Molinuevok sindikatuen ordezkariek “adostasun-giroaren alde” izandako jarrera goraipatu du, “negoziazioan esku hartu duten alderdi guztien onerako izan baita”.