El Boli, 30 urte jaietako ardi laranja izaten

Erredakzioa 2017ko abu. 8a, 08:00

El Boli koadrilako kideak, karroza jaitsiera batean. / Xabi Isla

30 urte beteko ditu aurten Amurrioko El Boli jai-koadrilak. Taldeko bi kiderekin hitz egin dugu, hiru hamarkadetan bizitakoak jasotzeko.

Madril, 1988ko otsaila. Amurrioko hiru lagun parrandan. Halako batean, elkarren arteko elkarrizketa batean, euren herriko jaietarako koadrila berri bat sortzea bururatzen zaie.

Horrela sortu zen, gutxi gora behera, El Boli koadrila, Xabi Islaren arabera. Hiru lagun horietako bat zen bera, eta ondo oroitzen ditu garai haiek: “Urte horretako jaietan egin genuen lehen karroza. Kaiola erraldoi bat zen, barruan gorila bat zuena. Ibilbidearen une batzuetan gorilak kaiolatik ihes egiten zuen, eta publikoaren artean mugitzen zen, ekitaldia parte hartzaileagoa eginez”. Hori zen koadrilaren xedeetako bat: izaera apurtzailea sustatzea.

Taldearen izena eta janzkera ziren horren seinale argiena: “Izenak ez du inolako zentzurik, bururatu zitzaigun lehena jarri genuen”, oroitu du Islak, “jantzi gisa, aldiz, buzo laranja hautatu genuen, gainontzeko gazteen jantziekin kontrastea egiteko”.

Jaietako ekitaldi ofizialetan ere utzi zuten El Bolikoek ekinbide apurtzailea. “Jaietako dama gisa gizonezko bat jartzen saiatu ginen gure lehen urtean, baina ez ziguten utzi”.

Jaien lehen egunean bazkaria egiteko ohitura eurek abiatu zutela ere aipatu du Islak. “Lehen inork ez zuen halakorik egiten. Gaur egun, ordea, oso ohitura errotua da”.  

“El Boliren sorrera haize bolada freskoa izan zen koadrilen historian”, adierazi du Lander Arteagak. 90eko hamarkadan batu zen bera taldera,  2002 urtera arte egon zen. “Ezberdina zen ordura arteko koadrilen artean, ganberroagoa”, dio.  

Urtemuga
Belaunaldi aldaketa ugari izan ditu El Bolik. Gaur egun, jende gaztea da nagusi taldean, baina ondo hartua dute 30 urteko ibilbidearen lekukoa. “Zerbait berezia prestatzen saiatuko gara urteurrena dela eta”, aurreratu du koadrilako kide den Arkaitz Garcia Morenok.

Aipatu duenez, talde gisa indartsu daude; kide berriak sartu baitira aurten, buzoak soinean jaietako “ardi laranja” izaten jarraitzeko prest.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide