Prestatu duzue dagoeneko pregoia?
Horretan ari gara. Oraindik ez dugu asko hitz egin pregoiari buruz, baina guretzako jaiak saskibaloia bezalakoak dira: talde-lana. Norbanako gisa posiblea da egunotan gozatzea, baina denon lana da beharrezkoa: koadrilena...
Uste dugu klubaren presidenteak botako duela pregoia. Gainontzekoak berarekin egongo gara, laguntzen. Hala ere, abuztua hilabete zaila da, jende asko oporretan dagoelako. Klub gisa gauza gutxi egin ditzakegu hilabete horretan. Hori bai, ilusioz beterik egingo dugu pregoia. Izugarria izan da guretzat lortzea Urrezko Guk saria, bultzada da.
Zertan eragin dizue aitortza jasotzeak?
Jende gehiagorengana iristeko balio izan digu. Ume askok eman dute izena datorren ikasturterako. Horrek arazoak dakartza hein batean, entrenatzaile falta dugulako. Izan ere, gutxi gara klubean. Badago jende gaztea, baina oso zaila da entrenatzaileak topatzea, ez baitugu ordaintzen. Hurrengo urterako dena dugu lotuta, baina jendea behar dugu.
“Klubean erdia baino gehiago dira emakumeak, eta harro egoteko zerbait da hori guretzako”
30 urte baino gehiagoko ibilbidea egina duzue. Urduñako Bedarbide klubaren ostean, zuena da eskualdeko talderik beteranoena.
Talde bakar batekin hasi ginen. Marcos Marotok -klubeko lehenbiziko lehendakariak- bere semearengan pentsatuta osatu zuen taldea, Bedarbiden jokatzen zuelako. Nesken taldea sortu zen gero, eta urteen poderioz handituz joan da egitasmoa. Gaur egun 200 kide gaude Zaraoben.
Ume txikiak daude batez ere, eta neska asko. Erdia baino gehiago dira emakumezkoak, eta harro egoteko zerbait da hori guretzako, nahiko zaila delako eskualdean emakumezkoentzako talde-kirola topatzea.
Lanketa berezirik egin duzue horretarako?
Azken urteetan asko funtzionatu du ahoz-ahokoak. Taldeen osaketan ikusi daiteke hori: ikastetxe berekoak izan ohi dira jokalari ia guztiak. Euren lagunak klubean daudelako animatu dira asko saskibaloian aritzera.
Hori gertatu da azken urteetan. Egiten dugun lana nahiko ona dela esango nuke, tratu ona eman diogu jendeari.
Badago harrobirik Zaraoben?
Jokalari gehienak Zaraoben hasi eta bukatzen dute euren ibilbidea. Nahiko zaila da maila altuago batean jokatzea: Bilbon edo Gasteizera joan behar zara, eta nahiko jokalari ona behar duzu izan. Zaraobeko jokalari ohi bat Araberrin dabil orain. Aitor Maroto ere gurekin hasi zen eta Loilan eta Madrilen ere egon da jokatzen, baina salbuespenak dira.
"Ume asko ditugu, baina klub bezala indartu egin behar gara, gutxi gaudelako. Laguntza behar dugu horretarako"
Hurrengo ikasturterako prest zaudetela aipatu duzu. Nola ikusten duzue klubaren etorkizuna? Zer asmo dituzue?
Klub gisa hazi gin behar gara, eta Junior kategoriako taldeak aurrera atera behar ditugu. Hori ezinbestekoa da, nire ustez. Ume asko ditugu, baina klub bezala indartu egin behar gara, gutxi gaudelako. Laguntza behar dugu horretarako.
Baina baikorrak gara. Ondo ikusten dugu gaur egungo egoera, eta urte asko egongo garela uste dugu. Baina jende berria behar dugu. Irailean antolatzaile eta arbitro ikastaroak izango ditugu. Beharrezkoa da horrelakoak egitea, bestela beti berberak gaudelako gauza guztiak egiten, eta nekea sortzen du horrek.
"Jaiez disfrutatzeko deia luzatu nahiko genuke, eta “ezetza ezetza dela” aldarrikatu nahiko genuke baita"
Belaunaldi aldaketa dago klubean?
Orain ematen ari da belaunaldi aldaketa. Laupabost entrenatzaile gazte ditugu, baina ibilbide luzea egin behar dute oraindik. Hiru entrenatzaile maila daude: 0, 1 eta 2. Lehena nahiko erraza da, bigarrenerakjo ikastaro nahiko intetsibo bat egin behar da eta hirugarrena nahiko gogorra da. Formazioa eta jendea behar ditugu.
Nik 50 urte ditut jada eta bizitza osoa daramat klubean, eta gustora. Baina beharrezkoa da aldatzea eta haztea.
Azpiegitura gehiago behar ditugu baita. Hala ere, asko eskertzen ditugu udalak emandako baliabideak. Oso harreman ona dugu udalarekin.
Zein mezu helarazi nahiko zenukete jaiei begira?
Jaiez disfrutatzeko deia luzatu nahiko genuke, eta “ezetza ezetza dela” aldarrikatu nahiko genuke baita. Sentsibilitate nahikoa dugu emakumeekiko, eta mezu hori helarazi nahiko genuke klub gisa.