Iazko eskema bera jarraituko dute aurtengo Baranbioko Andra Mari Txiki Jaiek. Ostegunetik –irailak 7- igandera luzatuko dira, eta makina bat ekintzez gozatzeko parada egongo da: Mus eta briska txapelketaz, umeentzako jolasez, dantza plazaz, paellen lehiaketaz…
Belarri-gozagarria izango da egongo den musika eskaintza. Ostiralean Radio Revolución bertaratuko da herrira. Hego Ameriketako doinuekin girotuko du gaua Jurgi Ibarretxe laudioarrak sortutako taldeak. Hori baino lehen, baina, Nafarroa Kanta Taldeak joko du, herritar guztiak abesten jartzea helburu.
Larunbatean DJ Ruba musika jartzaile laudioarra igoko da oholtzara, goizaldeko ordu txikietara arte. Igandean, aldiz, oso bestelako emanaldia egongo da: Orozkoko Agate Deuna abesbatzarena.
Pilota partidak
Pilota partidekin amaituko dira jaiak. Iaz berreskuratu zuten ekintza hori, herrien arteko proben ordezko jarduera gisa. Bi bikote arituko dira lehian: Dorronsoro-Ugarte eta Guerrero-Iriarte.