Elexazargo aurtengo indusketek hipotesi berriak egiteko aukera eman dute

Erredakzioa 2017ko ira. 1a, 08:07
Indusketak./ Xabi Iturrate

Juanjo Hidalgo historialariak zuzendutako indusketa kanpainan 22 metroko horma topatu dute, eta horrek bide berria ireki du ikerketan.

Juanjo Hidalgok balorazio oso positiboa egin du aurtengo indusketa arkeologikoaren kanpainari buruz Elexazarren. Adituak azaldu du ekitaldia ez zela ondo hasi, izan ere, bi leku induskatu zituzten eta ez zuten ezer topatu. Hala ere, gune berria ikertzeari ekin zioten eta ezusteko atsegina hartu du Hidalgok.

Auniako kideak argitu du 22 metroko horma aurkitu dutela eta horrek atea ireki diola hipotesi berria egiteko. Juanjo Hidalgoren ustez, Elexazarren Erromatar Erresumarako ekoizpen zentroa zegoen. "Askotan interpretatu dute horrelako herrixken eginkizuna militarra zela, baina nire aburuz horrek ez dauka zentzurik, III. mendean Pax Romana deiturikoa gailendu baitzen", argudiatu du Hidalgok.

Abeltzaintza

Historialariaren susmoa da horma luze hori zela ukuilua eta bertan erresumarako abereak hazten zituztela. Hidalgoren ustetan, hipotesi horrek zentzua emango lioke gainerako eraikinei: "1. eraikina etxebizitza zen, 2. tailerra eta 3. ez da burdinola, ez baitago horren arrastorik edo zirtzilkeriarik. Hortaz, ekoizpena animaliena izan zitekeen".

Hidalgok gogoratu du antzeko antolakuntza zegoela Alorian, baina Elexazar toki askoz altuagoan dago kokaturik.

Kanpaina polita

Adituak nabarmendu du oso pozik dagoela, ez bakarrik indusketen emaitzengatik, baita jendearen erantzunarekin ere. Berez, 20 lagunek baino gehiagok lan egin dute indusketetan.

"Leku ugariko pertsonak bertaratu dira; Morgakoak, Bilbokoak, Durangokoak, Orozkokoak, Laudiokoak, Gasteizkoak, Urduñakoak edo Leioakoak" erantsi du. Gainera, adin anitzeko parte-hartzaileak izan dira, batzuk oso gazteak eta besteren bat erretiratuta, esaterako.

18 egunez jardun dira Elexazarren eta Juanjo Hidalgok ziurtatu du partaidetzak asko bizitu duela ekitaldia.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide