Ikasturte berriari hasiera eman diote Amurrioko Bañueta kiroldegian. Aurreko urteetako ildoari jarraiki, doako matrikula kanpaina jarri dute martxan, “uda ostean jendeak kiroldegian izena ematea errazteko”.
Ikastaro ugari eskainiko dute aurten. Horietako batzuk hiruhilekoak izango dira: Igeriketa eta cycling-spinningekoak. Bihar -irailak 21- izango da kurtso horietan izena emateko azken eguna.
Urteko ikastaroetarako inskripzioa egiteko azken eguna, aldiz, hilaren 28a izango da. Honako kirol hauetan trebatzeko aukera egongo da: Aquagym, tonicycling, zumba fitness, step, HIT, gidaturiko tonifikazio, mantenu gimnasia, nagusientzako gimnasia, sorbaldarentzako gimnasia, gimnasia leuna, uretako gimnasia leuna, helduentzako hipopresiboak, gazteentzako hipopresiboak, pilates, yoga, areto dantzak, estilokako igeriketa eta zuzenduriko igeriketa. “Haurrentzako igeriketa talde gehiago daude ikasturte honetan, eta hainbat ikastaro berri ere eskainiko dugu”, adierazi dute kiroldegiko kideek.
Zozketa bidez
Kiroldegiko ardurdunek jakinarazi dute dauden tokiak zozketa bidez esleituko direla, “jendea goiz jaikitea eta lehen egunetik ilara egiten egotea ekiditeko”.