Udalak hainbat larre esleituko ditu berriz, abeltzainek erabili ditzaten

Erredakzioa 2017ko ira. 15a, 07:00
Abeltzain bat artxibo irudi batean. / aiaraldea.eus

20,16 hektareako 6 lursail lote eskainiko ditu udalak guztira. 

Bere jabegoko hainbat larre lote errentan emateko prozesua abiatu du Amurrioko Udalak. 2012an zenbait abeltzaini esleitu zitzaizkien lur horiek, euren animalientzat baliatu zitzaten. Esleipen horien epea bukatuta, lurrak berriz errentan emateko prozesua abiatu du tokiko erakundeak.

20,16 hektareako 6 lursail lote dira guztira, eta honako lekua hauetan daude: Mendeika (Santa Cruz gaina), Alto López (Alto Letobe), Basatxi, Santa Cruz-Pazorba, Venta Trigueros eta Mendiguren. 5 urtez erabiltzeko emango dira larreak, eta beste bost urtez luzatu ahalko da esleipena.

Baldintzak
Pleguetan jasotako baldintzak bete beharko dituzte interesdunek: “luberria dagoen udalerriko herritar izatea, bertan nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategi bat izatea, Aldundiko Abeltzaintza Erregistroan alta emanda egotea eta 10 ALUko (azienda larri unitateak, 10 behi-bururen baliokidea) edo hortik gorako abere-zama izatea”.

Udaletxeko sarrera erregistroan aurkeztu beharko dira eskaerak, iragarkia Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik 15 egun igaro baino lehen. Eskaeran zehaztu beharko da zein lur-lote nahi duen abeltzainak, eta pleguetan adierazitako agiriak aurkeztu beharko dira baita. Hortaz gain, udaletik jakinarazi dute eskaintza ekonomikoa irteerako urteko prezioa baino altuagoa izan beharko dela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide