Euririk ez izatea aurreikusi dute Artzain Eguneko antolatzaileek

Erredakzioa 2017ko ira. 14a, 13:34

Lau artzain omenduko dituzte guztira. / aiaraldea.eus

Artzain Egunaren edizio berria egingo dute igandean Amurrion eta antolatzaileek adierazi dute aurreikuspenak kontsultatu dituztela eta, printzipioz, ez duela euririk egingo. Ohitura jarraiki, 4 artzain omenduko dituzte eta horietako bi Lezamakoak dira; Teresa Ibarrola Olamendi eta Eugenio Abasolo Landazuri. Beste bi omenduak María Luisa Gozalez de Audikana Urigoiti eta María Luisa Corres Quintana izango dira, Olaeta eta Done Bikendikoak, hain zuzen.

Tokiko ekoizleez beteko da igandean berriro ere Amurrio Artzain Eguna dela eta. Ekintza gehienak Juan Urrutia plazan antolatuko dituzte, baina beste gune batzuk ere hartuko dira. Egitaraua hurrengoa izango da:

10:00etatik 13:00etara Gaztaren V. Herri Lehiaketa.

11:30ean Artzain omenduen ongietorria.

12:00etatik 12:30era Erakustaldia: gazta egitea.

12:30etik 13:30era Ilea mozteko bi tekniken erakustaldia: tradizionala eta Zeelanda Berrikoa. Udal-pilotalekuaren sarreran.

12:30etik 13:00etara Ardi latxaren produktu berrien dastaketa:Ardiki eta Gaztazaharra.

13:30ean Arabako artzainen omenaldia.

13:30ean Sari-banaketa.

13:30ean Ardi-jana eta -dastatzea euro baten truke.

18:00etan Artzain Txakurren XVIV. Lehiaketa, Justo Furundarena memoriala. Pikazako zelaiaren parean, udal-igerilekuen ondoan.

Latxa Arrazako Ardien Herrialdeko XXIV. Lehiaketa.

Idiazabal jatorri deiturako ardi gaztaren XI. txapelketa, Ruperto Casanueva memoriala.

Jarduera gehiago
Aipatutakoa ez ezik, bestelako ekintzak ere eskainiko dituzte: gazten eta txakolinaren erakusketa eta salmenta, baserriko produktuen erakusketa eta salmenta San Anton plazan, nekazaritzako makinariaren erakusketa Larrinaga kalean, artisautza-produktuen erakusketa San Anton plazan, gastronomia-erakusketa, argazki -eta etnografia-erakusketak Guk pasealekuan, Amurrioko txistuzaleak eta Urduñako Santa Cecilia Musika Banda.

Omenduak
Urtero legez, 4 artzain omenduko dituzte jaia dela medio:

Maria Luisa González de Audikana Urigoiti, Olaetakoa. Otxandion jaio zen, 1944ko irailaren 18an. Lucio Undarekin ezkondu zen eta Olaetara joan zen bizitzera, senarra jaio zen etxera. Han eratu zuen familia. Lucioren amaren bitartez hasi zen ardiekin lanean; izan ere, ezkondu zenean, artiletarako artaldea eraman zuen, eta Luciok ustiategiarekin jarraitu zuen eta artaldea zaintzen zuen.

Maria Luisak eta senarrak hiru alaba eta seme bat hazi zituzten, lan egiten zuten bitartean. Artaldea zuten eta haien esnea saltzen zuten. Familia aurrera atera ondoren, gaztak egiten hastea erabaki zuten. Denboraldi batez, esnearen zati bat saltzen eta gaztak egiten jarraitu zuten. 1990. hamarkadan, baina, gaztandegia irekitzea eta gaztak egitera dedikatzea erabaki zuten. Artzain Gazta elkarteko kideak ziren eta hasieratik Idiazabal Jatorri Izendapena zuten; hala, Maria Luisak gozatu egiten zuen gaztak egiten eta, batez ere, azoketan zuzenean saltzen, erretiratzeko unea iritsi eta lekukoa haren alaba Maiderri eman zion arte. Maider harro dago bere legatuaz eta gaur egun ere gaztandegiarekin jarraitzen du, amaren laguntza benetan baliotsuarekin; harentzat, gaztak azokaz azoka saltzea bizitzaren funtsezko zatia da.

Maria Luisa Corres Quintana. Done Bikendi Harana. 1937ko urriaren 24an jaio zen, Done Bikendi Haranan. Urte batzuetan Aletxan bizi izan zen familiarekin, baina 14 urterekin berriz ere Done Bikendira itzuli zen, eta ordudanik han bizi izan da. Ezaguera duenetik zaindu izan ditu ardiak, bere bi nebekin. 19 urte zituenean, herriko artzain batekin ezkondu zen, eta elkarrekin ardiak zaintzen eta gaztak egiten jarraitu zuten. Maria Luisak, egunero ustiategian lan egiten zuen bitartean, hiru seme eta alaba bat hazi zituen; seme-alabek lurrarekiko maitasuna jaso zuten gurasoengandik. Semeetako batek lekukoa hartu zuen eta familiaren ustiategian lanean jarraitu zuen; San Vicente gaztandegiko kudeaketaren ardura ere hartu zuen. Gaur egun, haren biloba Josu arduratzen da ustiategiaz eta gaztandegiaz, belaunaldi-aldaketa badagoela bermatzeko; hark ere baserri-munduarekiko eta ondo egindako gauzengatiko maitasuna jaso du.

Eugenio Abasolo Landazuri. Lezama. Eugenio Abasolo Lezaman jaio zen 1940an, eta 8 urterekin hasi zen ardiak zaintzen, garai hartan morroi ari baitzen lanean auzokide batentzat, eta hark, soldata gisa, Eugenio eta bere anaiari antxumeak oparitzen zizkien. Hala, apurka-apurka, 12 urte zituenerako bere artaldea osatu zuen.  Artzaintzan hasteko aukera eman zion auzokideari esker, Kobatan txabola bat alokatu zuen, eta mendilerroan aritzen zen artzain, soldadutza egitea egokitu zitzaion arte. Orduan, txabola uztea erabaki zuen. Lezamako Teresa Ibarrolarekin ezkondu zen, eta bien jaioterrian izan zuten familia; maitasun eta harrotasun handia sentitzen dun bere herriarekiko. Bien artean berrehun ardi inguruko artaldea zuten, eta ez diote inoiz ardiak izateari utzi, nahiz eta Eugeniok artzain-lanak fabrikako lanarekin uztartzen zituen, hasieran Molinuevon eta gerora Tubacexen. Eugenio eta Teresak bi alaba dituzte, Edurne eta Itziar. Neskek ere Lezama eta baserriko bizimodua maite dituzte, eta gaur egun Itziarrek familiaren ustiategian lan egiten du; gainera, ahalegin handiak egiten ditu artzaintza eta baserriko bizimodua zaintzeko eta sustatzeko, etxean beti ikusi izan duen moduan.

Teresa Ibarrola Olamendi. Lezama. Jaio zen 1942an. Bere familian nekazariak ziren, eta berak gogoratzen duela, bere bizitza beti egon da artzaintzari lotua. 5 urte zituenerako ardiak eta behiak jezten zituen, eta kantina pisutsuegia zenez, latorrizko ontzi batean sartu behar izaten zuen esnea. Txeraz gogoratzen du nola joaten zen larunbatero Urduñara, egiten zituzten gazta freskoak saltzera. Familiak behiak eta ardiak zituen; hala ere, berak betidanik nahiago izan ditu ardiak eta, Eugeniorekin ezkondu zenean, artaldea zaintzen jarraitu zuen, aldi berean bere bi alabak eta hiru koinatuak zaintzen zituen bitartean. Oraindik gogoan du ardiak jezten pasa behar izaten zuen hotza; izan ere, antzina, mendian jezten ziren, eta ez ukuiluan, egun egiten den moduan. Gainera, garai hartan, batez ere berak eta koinatuek artaldea bazkaleku bila eraman behar izaten zuten Basabe (Gaubea) edo Legarda (Foronda) aldera.

Teresa betidanik izan da langile iaioa eta baserri-munduaren defendatzaile sutsua. Harreman estua du lurrarekin eta familiarekin, eta egun, izugarri gozatzen du bilobekin ardiak jezten dituenean, gauzak nola aldatu diren kontatzen dien bitartean. Gaur egun, jezteko makina dute eta lehen, aire zabalean jezten zituzten abereak. Dena dela, mantendu egiten dute ondo egindako lanarekiko maitasuna.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide