Amurrioko Udalak jakinarazi du tailerra egingo duela urriaren 7tik abenduaren 9ra bitartean, 12 urtetik gorako gazteei zuzendua. Larunbatero egingo dituzte saioak, 11:00etatik 13:00etara, Gaztelekuan.
Juan Urrutia parkerako gabonetako argiteria sortzea izango da ekimenaren helburua. Herriko kale-argiak baliatuko dira horretarako, “estetika artistikoarekin loturiko erabilgarritasuna” emanez. Udaletik adierazi dute nerabeen interesa piztea ere dutela helburu, “jakintza-alor anitzeko dinamikak garatuaz”. Jasangarritasun irizpideak sustatzen ere ahaleginduko dira, material birziklatuak baliatuta.
Interesdunek urriaren 6ra arte izango dute tailerrean izena emateko epea, Kultur Etxean. Prezioa 28,80 eurokoa izango da amurrioarrentzat eta 48 eurokoa, aldiz, herrian erroldatu gabekoentzat. 25 nerabek hartu ahal izango dute parte gehien jota.