Milaka arrain agertu dira hilik Nerbioi Ibaian, Amurrioko Refor industriagunearen inguruetatik herrigunera daude ikusgai. 112 larrialdi zerbitzuak protokoloa abiatu du, gaur goizean horren berri izan eta gero. Arabako Foru Aldundia eta URA Agentzia ere jakinaren gainean daude.
Berez, URA Agentziak laginak hartu ditu, bere susmoa baita isurketa gertatu dela. Hala ere, ur laginak analizatu behar ditu jakiteko zerk eragin duen triskantza eta zeintzuk diren ondorioak. Edonola ere, eragina larria izan dela ematen du.
Elkarretaratzea igandean
Nerbioi Bizirik plataformako boluntarioak egon dira Reforren eta euren asmoa da industriagunera jotzea ikusteko non hasten den arrain hilen arrastoa.
Horrez gain, plataformak oharra zabaldu du salatzeko ez dela lehenengo isurketa Nerbioian eta informazio gehiago nahi dutela erakunde publikoen aldetik. Hori aldarrikatzeko elkarretaratzea deitu du taldeak iganderako. 13:00etan egingo dute, Amurrioko Juan Urrutia plazan, Artzain Eguna egingo dela probestuta.
Indar politkoen salaketa
Amurrioko EH Bilduk adierazi du Nerbioi ibaira egindako azken isurketa oso kezkagarria dela. Amurrioko zinegotzia den Juanjo Yarrituren hitzetan: "Momentuz jaso dugun informazioaren arabera ehundaka izan dira hilik agertu diren arrainak eta gertaera honen erruduna zein izan den argitzea eskatzen diogu Amurrioko Udalari eta Eusko Jaurlaritzari". Neurri eraginkorrak hartzearen beharra azpimarratu du koalizioak, horrelako gertaerak berriro errepikatu ez daitezen.
Aiaraldeko PPk ere oharra zabaldu du gaiaren inguruan eta azpimarratu du URA dela ibaiaren zaintza, arau-hausleekiko zorroztasuna eta eta nekazariekin elkarlana handitu behar dituena.
Josune Irabien alkateak, aldiz, bere twitter kontua baliatu du gertatutakoa salatzeko:
Nerbioi ibaian izandako isurketa irmo denuntziatzen da arrainak eta hil ditu ibaia arriskuan jarriz.Zer eta nork egin duen jakin nahi dugu. pic.twitter.com/C4r9dpjIsw
— Josune Irabien (@josune_irabien) September 15, 2017
Alkateak adierazi du: "enpresa arduraduna lokalizatu bezain laster, dagokion zehapena eta, hala badagokio, neurri zuzentzaileak ezarriko zaizkio, berriro gerta ez dadin, bereziki orain, ibaiaren bioaniztasuna berreskuratzen saiatzen ari baikara”.
Ez da Nerbioiko fauna hilik agertzen den lehenego aldia. Uztailean ere ehunka arrainen gorpuak agertu ziren ur-azalean, Laudio eta Areta artean: