Gazte Enplegu Plana abiatu dute Amurrioko Udalak eta Amurrio Bidean sozietate publikoak. Hainbat ekimen barnebilduko ditu plan horrek, 22 eta 40 urteko gazteei zuzenduak.
Hazilan programa izango da egitasmo horietako bat. Hamabi gaztek parte hartu ahal izango dute ekimen horretan. Negozio-ideia bat garatu beharko dute 4 hilabeteko epean, eta ordainsari bat jasoko dute horren truke, 800 eurokoa hileko.
Tailer bat egingo dute baita, “eragin handiko motibatzeko lau pilulez” osatutakoa. Coach aditu batek eskainiko ditu laurak, urriaren 18 eta 25ean eta azaroaren 8an eta 15ean. Arratsaldeko seietan izango dira saio guztiak, El Refor eraikineko azpiegituretan.
Beste tailer bat ere egingo da, “ekintzailetza proiektuak bizkortzea” helburu izango duena. “Negozio-ideiaren bat dutenei eta ekintzaile izateko gaitasuna aztertu nahi dutenei laguntza profesionala eta aditua emango zaie”, adierazi dute udaletik. Hainbat saio antolatuko dituzte horretarako, eta laguntza pertsonalizatua emango dute baita.
Planean interesa duten gazteek 945891721 telefonora deitu edo empresa@amurriobidean.org helbide elektronikora mezu bat bidali dezakete.