Begibistan festibala

Begibistan, geratzeko itzuli den zinema jaialdia

Erredakzioa 2017ko ira. 21a, 15:00

Iazko edizioko galaren irudia. Leyre Berrocal aktore amurrioarrak jaso zuen ohorezko txapela. / Begibistan Jaialdia

Urriaren 4tik 8ra bitartean ospatuko da Begibistan Zinema Astearen VII. edizioa, Amurrio Antzokian. Euskal Herriko 27 film labur proiektatuko dituzte jaialdian, estilo eta genero anitzetakoak. Bederatzi sari banatuko dituzte guztira, eta hiru pertsona arituko dira epaile lanetan: Javier Alonso EHUko irakaslea, Txani Rodriguez idazlea eta Ainhoa Urgoitia ekoizle eta gidoigilea. Laster iragarriko dute nork jasoko duen Ohorezko Txapela.

Geratzeko itzuli da Begibistan Zinema Astea. Iaz berreskuratu zen ekimena, bost urtez egin gabe egon ostean. “Harrera ona izan zuen, eta udalarekin hitz egin ostean ekimenarekin jarraitzea erabaki genuen”, azaldu du Kepa Sojok, jaialdiaren zuzendariak. Ekimena “finkatzea” da aurtengo helburua, zinemagile laudioarraren hitzetan. “Iazkoa baino apur bat luzeagoa izango da. Asteazkenetik ostiralera izango dira emanaldiak. Larunbatean gala egingo da eta ikuskizuna egongo da igandean”.

27 film bost egunetan
27 film ikusteko aukera egongo da guztira. Aurten jaialdira aurkeztutako 271 lanen artean hautatu dituzte. Hala ere, Sojok azpimarratu du kopuru hori ez dela oso fidagarria. “Film asko plataformen bidez aurkezten dira jaialdietara, modu automatikoan, eta ez dituzte betetzen ezarritako baldintzak. Horregatik, lehiaketatik kanpo geratzen dira hasieratik”. Begibistanen zuzendariak kalkulatzen du 80  pelikula inguru direla oinarriak beteta aurkeztu direnak.


271 lan aurkeztu dira guztira jaialdira eta horietako 27 hautatu dira proiektatzeko

 

Oso lan anitzak ikusi ahalko dira zinema astean. Badaude fikziozkoak, animaziozkoak, esperimentalak eta dokumentalak. “Euskal Herrian dauden joera guztien isla lortzea bilatzen dugu, jaialdiak balio dezan gaur egun filma laburren munduan zer egiten den jakiteko”. Sojok nabarmendu du Hego Euskal Herriko lurralde guztietako lanak proiektatuko direla: “Ez da iparraldekorik aurkeztu, beste zirkuitu batzuetan batzuk mugitu diren arren. Pena”.

Hala ere, euskarazko lan gutxi ikusi ahal izango dira, lau baino ez. “15 aurkeztu dira, baina nahiko amateurrak ziren gehienak. Aukeratu ditugun laurak oso-oso onak dira”. Emakumeen presentzia ere izan dute kontuan hautaketa egiterako orduan. “Badago emakumeek zuzendutako hainbat lan. Neska gutxi daude zinemagile lanetan eta hori bultzatu nahi izan dugu”.

 

Sari berriak egongo dira aurten: zuzendari onenarena, emakumezko aktore onenarena, gizonezko aktore onenarena eta argazki zuzendari onenarena



Sari gehiago
Iaz baino bost sari gehiago egongo dira aurten: zuzendari onenarena, emakumezko aktore onenarena, gizonezko aktore onenarena eta argazki zuzendari onenarena, baina ez da Nerbioibistan saria emango. Aiaraldeko eta Nerbioigoienako lanei zuzendutako saria zen hori, baina aurten eskualde horietan eginiko 2 lan baino ez dira aurkeztu jaialdira. Horren ordez, bi sari emango dituzte sail ofizialean -Ofibistan-. Hortaz gain, Ohorezko Txapela emango dute baita ere, baina oraindik ez dute iragarri nori emango dioten.

Ikasleentzako eskaintza
Saiakera egingo dute ohiko publikotik harago iristeko. “Hezkuntza zentroekin hitz egiten ari gara, ikasleei zuzendutako emanaldiak egiteko”, azaldu du Sojok. Goizetan egingo lituzkete, eta sail ofizialetik hautatutako hainbat lan proiektatuko lituzkete. Planteamendua aste honetan ixtea aurreikusi dute.

 

Hezkuntza zentroekin hitz egiten ari dira, ikasleei zuzendutako proiekzioak antolatzeko

 

Topagune izatea helburu
“Euskal Herriko filma laburren topagune” bihurtzea. Hori da Sojok Begibistan zinema asteari ikusten dion etorkizuna. “2011ko edizioan jardunaldia  antolatu genuen eta zinema munduko hainbat kide bertaratu zen. Ondo egongo litzateke antzeko zerbait egitea”. Hal ere, oraindik goiz da hurrengo edizioaz hitz egiten hasteko. “Hau nola ateratzen den ikusi behar dugu lehenbizi”.

Iazko edizioko bideoa:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide