Oharra plazaratu du Tubos Reunidoseko Enpresa Batzordeak, zuzendaritzak abian jarri nahi dituen “zorra murrizteko neurriak” salatzeko. Plan Creación de Valor-Transforma 360º planak barnebiltzen ditu neurri horiek. McKinsey aholkularitza enpresarekin elkarlanean egin da plan hori.
Enpresa komiteak uste du “akatsa” dela zuzendaritzak 300 milioi euro baino gehiagoko zorra murriztu nahi izatea lanpostuak suntsituaz eta lan-baldintzak okertuaz. Langileen ordezkarien arabera, zuzendaritzak azken urteetan eginiko “kudeaketa txarra” izan da Tubos Reunidosek gaur egun bizi duten egoeraren eragile nagusia, eta nabarmendu dute enpresak 214 milioi euro irabazi zituela 2007 eta 2014. urteen artean, “akziodunen artean 244 milioi euro banatuaz”.
“Planteatzen ari diren lanpostuen murrizketak lan baldintzak prekarizatu eta pertsonen segurtasuna kolokan jartzen du”, salatu dute komiteko kideek, eta gaineratu dute hamar hilabete igaro direla lan-hitzarmena salatu zutenetik eta zuzendaritzak ez duela negoziatzen jartzeko asmorik adierazi.
Instituzioei eskaera
Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eta instituzioei eskatu diete lanpostuen mantentze eta kalitatea zaintzeko, “krisi honen kudeaketa txarra” ekiditeari begira. Politika industrial publiko baten beharra aldarrikatu dute baita, “balio erantsiaren alde egingo duena, prekarietatearen alde egin beharrean”.