Herriko pertsona nagusiei zuzendutako bi programa egingo ditu Amurrioko Udalak. “Bizi zaitez bizi” izango da lehen egitasmoa. Ekimenaren hirugarren edizioa izango da aurtengoa, eta “ ongizatean oinarritutako bizi-proiektu bat garatzen lagundu nahi die 65 urtetik gorako pertsonei”, tokiko erakundetik azaldu dutenez. Unai Arrieta psikologoak zuzenduko du programa. “Asmoa da parte-hartzaileei euren eguneroko bizimoduan laguntzea eta haiek ahalduntzea”, jakinarazi du Estibaliz Sasiainek, Amurrioko Adinekoen arloko zinegotziak.
Nagusien etxean egingo dira saioak, goizeko hamaiketan, astelehen eta asteazkenetan. Urriaren 16tik abenduaren 20ra luzatuko da programa.
55+ programa
55 urtetik gorako herritarrei zuzendua egongo da bigarren programa. Jarduera fisikoa izango du ardatz, baina alderdi psikologiko eta sozialak ere landuko dira. “Pertsona bakoitzari jarduera fisikorako bere plana egiten lagunduko zaio, bere nahien, lehentasunen eta bizitza-estiloaren arabera”. Saioak astelehen eta asteazkenetan egingo dira 9:30etatik 11:00etara, Reforren.