Alfredo Remirezen alde lerrokatu dira EAJ, EH Bildu, Orain Amurrio eta Amurrio Guk Bai

Erredakzioa 2017ko ira. 28a, 23:40

Ia hiru ordu iraun ditu Udal Osoko Bilkurak. / aiaraldea.eus

Lau talde horien botoekin onartu da amurrioarraren espetxeratze agindua salatzeko plazaratutako mozioa. PSE-EE eta PPk aurka bozkatu dute.

Gaur egin da Amurrioko iraileko Udal Osoko Bilkura. Alfredo Remirezen aurkako espetxeratze agindua salatzeko mozioa eztabaidatu da bertan, EAJren, EH Bilduren, Orain Amurrioren eta Amurrio Guk Bairen botoekin onartu dena. PSE eta PPk aurka bozkatu dute. “Mozioa ez dator bat errealitatearekin”, argudiatu du Montse Canivek. Alderdi Popularreko zinegotziaren arabera, Remirez “bererrorlea” da eta bere erantzunkizuna da delituak egiteagatik dagozkion zigorrak jasotzea.

PSE-EEko ordezkariak, bere aldetik, adierazi du “botere judizialean injerentzia politiko bat” egiten saiatzea iruditzen zaiola mozioa. “Epaileen lanaren independentzian sinesten dugu”.

Gainontzeko taldeek elkartasuna adierazi diote Remirezi eta amurrioarra urtebete espetxeratzearen erabakia salatu dute.

Beste gaiak
Remirezena ez da izan udalbatzan landu den gai bakarra. Beste hainbat mozio eztabaidatu dira. Kataluniako erreferendumari buruzkoa aurkeztu da, besteak beste. Arestian aipatutako jarrera berdinak errepikatu dira: PSE eta PP izan dira aurka bozkatu duten bakarrak, gainontzeko taldeek alde egin baitute.

Bañueta kiroldegia ere izan dute hizpide plenoan, bertako zerbitzuen kudeaketa publiko zuzena aztertzea eskatu baitute EH Bilduk, Orain Amurriok eta Guk Baik. Mozioak ez du aurrera egin, gainontzeko taldeen aurkako botoak jaso baititu.

Gainontzeko puntuetan askoz adostasun handiagoa egon da taldeen artean. ASASAM elkarteak aurkeztutako mozioan ia guztiek bozkatu dute alde -PSE abstenitu egin da-.

Aho batez onartu dute Landakoko Osasun Zentroa zegoen eraikinarentzako erabilera berria proposatzen zuen puntua. Hala ere, eztabaida egon da taldeen artean, desadostasunak egon baitira proposamen hori osatzeko eman den prozesuaren inguruan.

Gainontzeko puntu guztiak ere onartu dira, gehienak aho batez.

Ikusi Udal Osoko Bilkura osorik hemen:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide