“Hilabete batzuk baino ez dira falta Amurrioko udaletxean Bezeroarentzako Arreta Zerbitzua (BAZ) ezartzeko”. Hala adierazi dute tokiko erakundeko arduradunek.
Hainbat obra egingo dituzte udaletxeko sarrera moldatzeko, zerbitzu hori eskaintzeko espazioa sortzeari begira. Zerbitzu horrek aukera emango die herritarrei tramite eta eskaera guztiak eraikinaren sarreran egiteko, udaletxeko bulego batetik bestera ibili ordez. Ondorengo guneak izango lituzke espazio berriak: arreta pertsonalizatuko lau txoko, banakako kontsultarako gune bat eta itxarongela bat. Haurren txoko bat sortzea ere aurreikusi dute. Udalak jakinarazi du herriko lau enpresa ari direla espazioa diseinatzen, elkarlanean.
Hiru langile
Hiru langile egongo dira zerbitzu hori eskaintzen, eta laugarren bat gehituko da “behar izanez gero”. Liburu bat sortu dute baita: “Amurrioko Udaleko Administrazio Izapideen Eskuliburua”. Bezeroenganako arreta zerbitzuari estaldura ematea izango da dokumentu horren xedea.